Denboraldiaurreari ekiteko prest da Smartlog Nest taldea

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urr. 18a, 17:34

Smartlog Nest Cycling Team txirrindularitza taldeak Oñatiko Larrain Gain elkartean egin du lehen topaketa, gaur, zapatua. Hala, txirrindulariek, talde teknikoak eta staffeko kideek elkar ezagutu dute, eta proiektuaren antolaketan zein filosofiaren garapenean elkarrekin lanean hasiko dira gaurtik aurrera.

Apirilean proiektua ofizialki aurkeztu ondoren, taldearen hasiera operatiboa ezarri dute gaurko hitzorduarekin. "Dagoeneko ari gara lanean eta gure asmoa esandakoari eustea da. Hau da, txirrindulariek, kirol ibilbide bat osatzeaz gain, heldutasun orokor bat lortzea. Enpresa munduan aprobetxatu gura ditugu txirrindularitzak dituen balioak, besteak beste, konpromisoa, esfortzua eta erresilientzia. Tartean, lasterketak irabazteko gai bagara, askoz hobe", azaldu du Xabier Zubizarretak, Smartlog Group-eko zuzendari nagusiak.

Ezkerretik eskumara, Latasa, Odriozola, Zubizarreta, Elorza eta Mugarza.

Hainbat urteko geldialdiaren ostean, ibilbide berriari ekiteko "ilusioz" azaldu da Jon Odriozola, taldeko managerra. "Ziur nago proiektu hau erreferente bat izango dela Euskal Herrian zein, txirrindularitzan, oro har. Oso pozik nago, oso zaila baita halako proiektu bat aurkitzea. Sekulako taldea dago eta inplikazio handia dute taldekide guztiek", nabarmendu du. 

Kirol proiektu bat baino gehiago dela gaineratu du oñatiarrak. "Txirrindulariek laguntza handia izango dute haien heziketan, baita lan aukeretan ere. Gero, teknifikazio zentroa egitean ere aurrerapausoa emango dugu, biomekanika eta proba guztiak egiteko aukera emango baitu. Gaur egun, ez dago halako baldintzak betetzen dituen talderik, inon". 

Aitor Elorza arrasatearra izango da, hain zuzen, Nest Zentroko kirol arduraduna, eta enpresa eta kirol proiektuen arteko koordinatzailea ere izango da. "Helburua da txirrindulariei haien ikasketekin eta lan aukerekin laguntzea. Dagoeneko bi txirrindulari ari dira gurekin lanean eta ideia da geroz eta gehiago batzen joatea. Haien beharrak asetzea da gure asmoa".

Hemeretzi txirrindulari

Iñaki Mugarza kirol arduradun oñatiarrak adierazi duenez, hemeretzi txirrindularik osatuko dute Smartlog Nest taldea. "Oso gustura gaude lortu dugun taldearekin", dio. Harekin batera, David Latasa ariko da kirol zuzendari lanetan.

Egutegia ere zehaztuta dute dagoeneko, eta urri bukaeran abiatuko dute denboraldiaurrea, Mugarzak zehaztu duenez. "Hemengo lasterketa guztiez gain, Espainiako Kopan ere izango gara, baita Espainiako itzuli batzuetan ere. Horrez gain, Portugalen eta Frantzian pare bat lasterketa ere izango ditugu".

Oraingoz, honako txirrindulari hauek aurkeztu dituzte, junior mailatik afizionatu mailara jauzia egingo dutenak: Markel Fernandez (Iruña); Aimar Lacasta (Iruña);  Hodei Salaberria (Urretxu); Unax Otegi (Hernani); Egoi Arenaza (Araia); Aratz Unanue (Zestoa); eta Josu Odriozola (Bilbo). Datozen asteetan, gainontzekoen berri ematen joango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak