2026an martxan jarriko den afizionatu mailako txirrindulari talde berria iragarri du Smartlog enpresa urretxuarrak. Hala ere, helburua, txirrindulari talde bat osatzea baino gehiago, gazteentzako garapen integraleko proiektua abiaraztea dela azpimarratu dute.
Bi helburu jarri dizkiote proiektuari: Garapen akademikoa eta kirol balioak uztartuko dituen alternatiba eskaintzea eta euskal txirrindularitza oinarritik biziberritzen lagunduko duen proiektua izatea, talentu gaztea pertsona eta profesional gisara prestatuz.
Hainbat debagoiendarrek osatutako proiektua
Jon Odriozola txirrindulari ohi eta kirol zuzendari oñatiarra da proiektuaren sustatzaile nagusietako bat. “Prestakuntzako txirrindularitzak une zailak" bizi dituela azaldu du aurkezpen ekitaldian, eta Smartlog-ek proiektuaren berri eman zioenean babesa ematea erabaki zuela. “Gaur egungo sisteman beren lekua aurkitzen ez duten gazteentzat aukera erreala izan nahi dugu, eta kalitatezko prestakuntzari uko egin gabe, etorkizun profesionalerako tranpolin gisa balioko duen egitura sendo bat eraiki”, adierazi du oñatiarrak.
Proiektuaren baitan, talentu integrala garatzeko espazio izango den Nest zentroa eraikitzen hasi dira. Aitor Elorza arrasatearra izango da bertako kirol arduraduna. “Nesten diseinuan, azken belaunaldiko ekipamendu eta guzti, goi mailako entrenamendua ahalbidetuko duten instalazioak sartu ditugu, bai eta prestakuntza fisikorako, errekuperaziorako eta jarraipen biomekaniko pertsonalizaturako espazioak ere. Gure helburua da behar diren baliabide tekniko eta pertsonal guztiak eskura jartzea, gazte horiek beren kirol potentzial handiena garatu ahal izan dezaten, prestakuntza jasotzen duten bitartean” adierazi du aurkezpenean.
Iñaki Fernandez oñatiarra ere izango da Startlog-eko zuzendaritza taldearen partaide, prentsa arduradun gisara.