Eguerdiko hamabietan Foruen plazatik abiatuta, hainbat herritarrek egin dute bat manifestazioarekin, Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako oihuekin. Amaieran, Ikama taldeko ordezkari Lur Biainek eta Aran Anduagak hartu dute hitza, besteak beste, okupazioa gelditzea, prozesu dekoloniala martxan jartzea eta Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea exijitzeko. Amaitzeko, ikasleriari borrokan jarraitzeko dei egin diete.
Oñati Palestinarekin taldeko ordezkariek, era berean, oso positiboki baloratu dute Oñatik manifestazioak izan duen harrera. Genozidioa geratzeko hartu diren azken urratsen inguruan galdetuta, Imanol Biain taldekidek esan du Palestina libre baterako bidea luzea dela oraindik eta horretarako gizarte zibilak protestan jarraitu beharko duela.
Bestalde, Ikamak Arrasateko Herriko Plazan deitu duen elkarretaratzean ere hainbat herritar elkartu dira Ikasleok Palestinarekin Genozidioa gelditu! Ibaitik Itsasoraino Palestina aske lelopean.
Iluntzean herri geihenetan
Iluntzean Debagoieneko herri gehienetan izango dira mobilizazioak, arratsaldeko zazpi t’erdietan, Gernika Palestina herri ekimenak deituta: Arrasaten eta Bergaran manifestazioak egingo dituzte; Antzuolan eta Aramaion, elkarretaratzeak; eta Oñatin, Aretxabaletan eta Eskoriatzan burrunbadak. Guztiak izango dira udaletxeen aurrean; Aretxabaletan izan ezik, Mitarte kalean egingo dutelako.