Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sarea aurkeztu dute Elorregin

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ira. 23a, 20:08

Bailarako herri guztietako Palestinaren aldeko taldeak batzen ditu sareak, "elkarlanean, ahalik eta oihu ozenena egiteko Palestinaren itxaropena eta askapena aldarrikatzeko". Urriaren 25erako manifestazioa antolatu du, Arrasaten, 19:00etan, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete bertako kideek.

"Palestinan aspaldi hasitako sarraskia gero eta luzeagoa eta bortitzagoa dela ikusita, eta instituzioen pasibotasunaren eta konplizitatearen aurrean, ezinbestekoa ikusten dugu gizarte zibilaren erantzuna. Horretarako, Debagoieneko herri guztietako Palestinaren aldeko taldeek erantzun amankomun bat ematea erabaki dugu", adierazi dute. 

Sortu berri duten sarea "mugimendu zabala, irekia eta parte-hartzailea" dela gaineratu dute, "Palestinaren aurkako genozidioa salatzera eta bistaratzera" datorrena, "sarraskia geldiarazteko eskura dituen tresna guztiak erabiliko" dituena, "israeldar jatorriko produktuei boikota egitea bultzatuko" duena, "enpresa eta erakundeei Israelekin harreman komertzial eta politikoak etetea exijituko" diona, eta "gizartea plazara ateratzeko eta denon artean Palestinaren aldeko oihu ozenena egiteko balioko" duena.

La Hayako auzitegiari eskatu diote "genozidio honen arduradunak inputatzea eta epaitzea"; eta Amerikako Estatu Batuei eta Europako Batasunari, "sarraskiaren konplize izateari uzteko".

Mobilizazioetan parte hartzeko deia

Bihar bertan, eguaztena, 18:30ean, zinemagileek antolatuta, Donostian egingo den ekintzan parte hartzeko dei egin diete herritarrei; baita urriaren 4an, Iruñean, Palestinaren alde egingo den manifestazioan ere. Horrekin batera, urriaren 25ean, 19:00etan, Arrasaten, manifestazioa egingo dutela iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak