Israelgo indar armatuek Palestinan hildako osasun langileen izen-abizenak irakurri dituzte

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ira. 22a, 17:12

Anbulatorio aurrean egin dute ekitaldia, Sanitarioak Palestinarekin elkarteak deituta. Izen-abizenak jarri dizkiete, 2023ko urriaren 7tik, Israelgo indar armatuek Palestinan hildako osasun langileei. 595 erizain, mediku, mediku-zientzialari, farmazialari, psikologo edota nutrizionistaren izen-abizenak irakurri dituzte, banan-banan, nahiz eta hildakoak 1.580 izan diren guztira, jakinarazi dutenez; ehunka langileren hilketak "egiaztatzeko prozesuan" daude oraindik.

"Palestinar herrialdeak, bereziki, Gazak, bizi duen egoera larriaren aurrean, osasun-profesionalok ezin dugu beste alde batera begiratu. OMEk –Osasunaren Mundu Erakundea– jada adierazi du Gaza osasun-kolapso egoeran dagoela, eta ospitale bakar bat ere ez dagoela bere osotasunean funtzionatzen. Inor ez da libratzen. Gure lankideak jazarpena, atxiloketak, lesio larriak eta heriotza jasaten ari dira Israelgo estatuaren indarkeriaren eskutik", adierazi dute. Eta gaineratu dute "ospitaleetan lan egiten duten osasun-langileak erasotzea edo herritar zibilak setiatzea, janaririk eta botikarik gabe utziz, nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa" dela: "Osasun-langileen, pazienteen, jaioberrien eta herritar zibilen babesari lehentasuna eman behar zaio beste edozein kezkaren gainetik".

Elkartasuna adierazi diote Palestinari; babesa, Gazarako Mugimendu Globalari eta Global Sumud Flotillari; eta horrekin batera, "Israelgo estatu genozida eta bere konplizeak salatu" dituzte. 

26rako deialdia

Bigarren irakurraldi bat ere egingo dute: aste honetan bertan izango da, egubakoitzean, Arrasateko anbulatorioaren aurrean, 14:30etik 15:15era. Osasun langile oro ez ezik, herritarrak ere deitu dituzte ekintza sinboliko horretan parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak