Udaberria amaitu eta udan sartu berri garen honetan, Joseba Egaña Euskalmet-eko iragarpen arduradunak udaberriak emandakoari eta udak eman dezakeenari buruz egin digu berba.
Termino orokorretan, nolako udaberria izan da?
Udaberria oso beroa izan da, batezbestekoa baino 0,8 gradu gorago geratu da. Martxoa beroa izan zen kostan, normala barnealdean, apirila oso beroa orokorrean eta maiatza normala, ohikoa.
Prezipitazioei dagokionez, normala esan badezakegu ere, kalifikazio desberdinak ditugu: lehorra Kantauri isurialdean eta hezea Mediterranear isurialdean. Muturreko meteorologien kasuan, martxoan dezente izan genituen, gehienak haizearekin erlazionatuta, aipatzekoak 20an izandako haize boladak, 133 km/h Zaldiarango estazioan. Maiatzean berriz aipatzekoak ekaitzak eta beraiek utzitako prezipitazio intentsitateak.
Arantzazuko Gesaltza auzoan izan ziren uholdeek badute azalpenik?
Ekaitz puntualak izan ziren, oso lokalak, baina poliki mugitzen zirenez, altueran adibidez ez zegoen haize askorik, orduan horrelakoetan ekaitzak nahiko poliki mugitzen dira eta orduan ba lokalki dezente ur utzi dezakete. Gerta daiteke estazio bat ere ez ukitzea, eta estazio bat ere ez dagoen toki batean hustea.
Ekainaren 13an ere Tolosaldea eta Goierri aldean ere euri-jasa handiak izan ziren eta beste eskualdeetan ohartu ere ez ginen egin.
Hor lerro konbektibo bat sortu zen, ekaitz zelula desberdinak lerro batean pilatuta gelditzea, bi ordu nahiko geldirik geratu zen. Toki berean bota zuen pila bat, baina beste tokietan ez zegoen ezer. Alegian adibidez 108 litro pilatu ziren guztira bi ordu horietan, baina beharbada punturen batean 100 mm-tik gorako intentsitatea izan zuen ordubetean eta ondorioak larriak izan daitezke.
Euskal Herri mailan badakigu Debagoienean erregistratzen direla tenperatura altuenetarikoak. Hau zeri dagokio?
Airea hegoaldetik datorrenean beheranzko bidea egiten du, mendi bat pasatzen badu alde batetik bestera, gehiago berotzen da aire masa hori. Ehun metro jaisten bada gradu bat igotzen da. Hor lortzen dira askotan tenperatura altuenak. Aurreko urteetan iritsi izan gara 40 gradura, hortik gora ere badauzkagu datuak. Errekorrak Debagoienean 40 eta piku gradu badira.
Orokorrean, nolako uda datorrela aurreikusten duzu?
Uztaila beroa izango dela ikusten da, nahiko anomalia positibo handiarekin, abuztua ere beroagoa ikusten da baita, baina ez horren nabarmen, eta iraila ere abuztuaren berdintsu, ez da ikusten anomalia positibo nabarmenik. Prezipitazioarekin ez da seinale garbirik ikusten, eta baldintzatuta egongo da ekaitzengatik. Ekaitzak izateko aukera ere hor egongo da.