Debagoieneko beste zenbait herritan ere hasi dituzte Aratusteak. Elgetan, esaterako, kokoen konpartsak iragarri zuen Aratustea aurreko zapatuan, hala ere, bihar, barikua, bestelako mozorroek hartuko dute protagonismoa, eta eskolako umeen kalejirak emango dio hasiera Aratusteari.
Inauteri txikia, Oñatin
Horrez gain, gaur, eman diote hasiera Oñatiko Inauteri Txikiarekin. Egun osoko festa handia, berriz, zapatuan izango da. 300 lagun aterako dira Inauterietako konpartsan, musikari pertsonai eta dantzariek osatuta. Egun osoan kalez-kale ibili ostean 20:00etan amaituko dute plazan. Domekan, Oñatz tantza taldekoak aterako dira bolant dantzak egitera, eta, Aratusteak martitzenean amaituko dira antzerki, txokolate eta erraldoiekin.
Arrasaten Herri Inauteriak, lehenengoz
Arrasaten, berriz, Txorimaloak eta kukumarruak protagonista dituzten Herri Inauteriak sortu dituzte Arrasaten, eta egubakoitz iluntzean egingo duten kalejira da horren adierazle nagusia; bihar, besteak beste, pregoia, desfilea eta mozorro lehiaketa egingo dituzte.
Antzuolan, berriz, zapatuan egun handia. Sorgin dantza eta Burlatako jota izango dira ikusgai auzoz-auzo; dantza saioa ere izango da plazan eta bazkarian 253 lagun batuko dira. Amaitzeko, Sutan txaranga izango da.
Gatzagan, zapatuan ospatuko dituzte Aratusteak. Gurel Guraso Elkarteak haurrendako jolasak antolatu ditu; gero, bazkaria egingo dute Toki Eder elkartean, eta DJ Humbertok jarriko du musika gero.
Aramaion, aldiz, Lagun artean dantza taldeak eta trikikalejira trikiti taldeak emango diete ongietorria Aratusteei, egubakoitz arratsaldean. Egun handia, baina, bihar izango da, zapatua, eta mozorro lehiaketa egingo dute. Eskolan, berriz, martitzenean mozorrotuko dira.
Zuzenekoen grabaketak
Bergaran eta Aretxabaletan ere ospatuko dituzte Aratusteak hainbat egunetan, Bergaran, egubakoitzean, 22:30ean, Goiena.eus-en, Aratuste kontzertua ikusteko aukera izango da. Hain zuzen ere, Kabaret 2.0 musika ikuskizuna.
Aretxabaletan, berriz, Aratuste-domeka izan ohi da egun handia, eta, aurten ere hala izango da. Mozorro-desfilea Goiena Telebistan zuzenean eskainiko da ;telebistan eta baita, sarean, Goiena.eus-en ere.