Duela urtebete baino gehiagotik daude gogoeta eta kezka Tokikomeko bazkideen artean, azken boladan sare sozial komertzialak -ildo ideologikotik batez ere- hartzen ari diren norabidearen harira, eta hortik etorri da erabakia, kontraesana egotez lehendik ere bazegoen arren, Tokikomeko Joxe Rojasen esanetan.
Hala, tkm.eus zerbitzaria sortu du Tokikomek, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatua, eta bertan ireki dute kontua taldeko hainbat eta hainbat komunikabidek.
Fedibertsoaren parte dira, beraz, orain; fedibertsoa indartu eta sustatu nahi duten erakunde, kolektibo eta norbanakoek martxan jarritako Goazen Lagunok egitasmora batu dira; eta gauza bera egiteko proposamena luzatzen diote publikoari, bertan martxan jarritako edozein tresna elkar komunikatu ahal direlako, jabetza pribatuko sare sozialetan ez bezala. Erabakia indibiduala da, baina Goazen Lagunok-ek bidea elkarrekin egiteko aukera eskaintzen du, harremanak toki batetik bestera eramatea ere badelako gakoetako bat.
Erabiltzaileak ari dira piskanaka urratsa ematen eta balorazio ona egiten dute Goazen Lagunok egitasmotik. Bi egunetan, mastodon.eus instantzian 102 pertsona edo eragile berri sartu dira, adibidez, eta Goiena Komunikazio Taldeak emandako pausoa Debagoienerako bide-erakusle izan daitekeela gehitu du Beñat Irasuegik.