ALBISTEAK

Debagoieneko sortzaileak ere prest Durangorako

Goiatz Arana Begiristain 2024ko abe. 4a, 14:14

Badator, beste urte batez, Durangoko Azoka; bihar, eguena, irekiko ditu ateak eta azken prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza gaur antolatzaile eta parte-hartzaileak. Hartzea ematea DA lelopean egingo da aurtengoa. 153 partaideren artean 274 erakusmahai jarriko dituzte Landako gunean eta 933 kultur nobedade egongo dira. Oparoa izango da Debagoienetik eramandako uzta ere: 24 disko, 14 liburu eta ikus-entzunezko bat.

Orhi taldea izango da Durangoko Azokan izango direnetako bat. Bergara, Azpeitia eta Antzuolako sei lagunek osatzen dute taldea eta pop-rock estiloa darabilte. Duela urtebete eskas kaleratu dute lehen diskoa, Izarrik ez. Euren diskoa Musika zuzenean-en standean izango da eskuragarri; eta aurkezpen-kontzertuaz gozatzeko aukera, berriz, Ahotsenean, abenduaren 7an, 11:00etan.  Aurtengoa lehen esperientzia izango da eurentzako Durangoko azokan eta "sekulako aukera" suposatzen duela adierazi dute.

Azokan lehen aldia izango dutenak eta sorkuntzan urteak daramatzatenak elkartuko dira Durangon, eta bietatik dago Debagoienetik joango direnen artean ere. 2015ean Arrasaten sortutako Perlataren kasua da, esaterako, bigarren hori. "Urte emankorra" izan dute, gainera, eta bi proiektu izango dituzte Durangon: Alosia disko-fanzinea helduei zuzendutako Anomaliak ipuin ilustratua da.

Musika zuzenean-en standean egongo da Perlata ere eta Jaione Martinez taldekidea "eskertuta" azaldu da "auto-ekoitzitako lanekin doazenei erakusleiho bat izateko aukera eskaintzen" dielako. 

Literatura aldetik ere egongo da Debagoienean ekoitzitakoen artetik non aukeratu: Intxorta 1937 kultur elkartearen hiru lan, Potx eta Lotxen Zapatekin arnas edota Mikel Zubimendiren Han egon zen: Jose Luis Elkoro, bizitza bete bat. Eta ikus-entzunezko bat: Ines Osinagaren Bat, bi, hiru kanta. Igual lau

Goienako hedabideetan ere bai

Eskaintza zabala Landakon eta Durangoko Azokaren baitako gainontzeko guneetan: Ahotsenean, Irudienean eta Saguganbaran, tartean. Eta lau egun horretaz guztiaz gozatzeko, abenduaren 5etik 8ra, goizeko hamar t’erdietan hasita. Ahaztu barik, han bertan nahiz etxean ikusi ahal izango den Hartzea ematea DA, Azoka Telebistak egunero ekoiztuko duen magazinea; Goienako hedabideen bitartez ere jarraituko ahalko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!