Domekan jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa goraino bete zen Arrasateko Uarkape frontoian. Oihana Iguaran nagusitu zen 519 punturekin eta horrenbestez, zuzenean sailkatu da abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalera. Andoni Rekondok ere nahikoa izan zituen 513,5 puntu finalera sailkatzeko. Maider Arregi oñatiarrak, Debagoieneko ordezkari bakarrak, finala hatz puntekin ukitu du. Hirugarrena izan zen Arrasateko saioan 511 punturekin, eta finalean sartzetik puntu bakar batera geratu da. Agin Laburu, Eñaut Martikorena eta Iñigo Mantzizidor izan ziren kantuan aritu ziren beste hiru bertsolariak.
Finala esku-eskura izan badu ere Arregik, gustura ibili zen taula gainean: "Zortziko txikian Oihanarekin, seiko motzean ere bai Mantxi-rekin. Eta bakarka ere gustura ibili naiz". Hala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bere ibilbidearen balorazio positiboa egin du oñatiarrak, eta gutxieneko helburua bete duela adierazi du: "Nire helburua zen finalaurrekora heltzea, horrela Euskal Herriko Txapelketara sailkatzen baikara. Hasierako helburua hori izan arren, gero esaten nuen, ea finala... Baina listo. Gertu geratu naiz eta gustura geratu naiz egindakoarekin".
Arrasateko irabazle Iguaranek oso ondo ikusi zituen kideak, eta saio onaren irudipena izan zuen, bertso saioaren ostean. "Andoni ikusten nuen sendo, Maider ere bai. Mantxi ere gozatzen ikusi dut ariketa batzuetan. Agin ere oso-oso goitik ikusten nuen eta ez genekien non kokatu eta nola joango zen. Giroa ere oso ona izan da, eta horrek zalantza sortzen dizu zenbateraino den erreala", azaldu zuen GOIENAko kamararen aurrean saioa bukatu berritan.
Finala, hilaren 14an
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Ilunben. Oihana Iguaran eta Andoni Rekondorekin batera izango dira oholtzan Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe eta Aner Peritz. Arregi Ilunbeko hamailetan egongo da, eta baditu bere faboritoak; Martin eta Iguaran: "Nire ustez, buruz burukora helduko dira biak".