Maider Arregi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren atarian geratu da

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 1a, 20:18

Gaur arratsaldean jokatu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa Arrasaten. Oihana Iguaran nagusitu da 519 punturekin eta horrenbestez, zuzenean sailkatu da abenduaren 14an jokatuko den finalera. Gaurko saioarekin erabaki da zeintzuk diren zortzi finalistak. Maider Arregi oñatiarra hirugarrena izan da 511 punturekin; finalean sartzetik puntu bakar batera geratu da.

Arrasateko Uarkape frontoia guztiz bete da gaur arratsaldean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalerdiaren testigu izateko. Iñigo Mantzizidor, Oihana Iguaran, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena, Maider Arregi eta Agin Laburu izan dira oholtzan kantuan aritu diren sei bertsolariak. Abenduaren 14an Donostian jokatuko den finalerako txartela zuten jokoan, eta Oihana Iguaran izan da irabazlea 519 punturekin.

Saioan oso ondo ikusi ditu kideak Iguaranek, saio onaren irudipena izan du: "Andoni ikusten nuen sendo, Maider ere bai. Mantxi ere gozatzen ikusi dut ariketa batzuetan. Agin ere oso-oso goitik ikusten nuen eta ez genekien non kokatu eta nola joango zen. Giroa ere oso ona izan da, eta horrek zalantza sortzen dizu zenbateraino den erreala".

Arregi, hirugarren

Bigarren sailkatu da Andoni Rekondo 513,5 punturekin (finalean izango da); hirugarrena izan da Maider Arregi oñatiarra 511 punturekin; Agin Laburu, laugarren, 499 punturekin; bosgarrena izan da Eñaut Martikorena lizaso 482 punturekin, eta seigarrena, Iñigo Mantzizidor 478 punturekin.

Hatz puntekin ukitu du finala oñatiarrak, finalean sartu den zortzigarren bertsolariak, Aner Peritz Euzkitze-k 512 puntu baitzituen. "Gustura" ibili da Arregi taula gainean. Adierazi du kostatu egin zaiola apur bat saioan sartzea, baina bigarren ariketatik aurrera oso gustura ibili naiz: "Zortziko txikian Oihanarekin, seiko motzean ere bai Mantxi-rekin. Eta bakarka ere gustura ibili naiz".

Orokorrean, txapelketaren balorazio "ona" egin du oñatiarrak: "Nire helburua zen finalaurrekora heltzea, horrela Euskal Herriko Txapelketara sailkatzen baikara. Hasierako helburua hori izan arren, gero esaten nuen, ea finala... Baina listo. Gertu geratu naiz eta gustura geratu naiz egindakoarekin".

Finala, abenduaren 14an

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala abenduaren 14an izango da Ilunben 17:00ean, eta sailkatu diren bertsolariak hurrengoak dira: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz Euzkitze.

Maider Arregik aurreratu du ikusleen artean izango dela, eta Alaia Martin eta Oihana Iguaran dira bere faboritoak: "Nire ustez, buruz burukora helduko dira biak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak