ALBISTEAK

Indarkeria matxistaren aurrean tinko agertu dira bailarako herrietan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 26a, 13:26

Azaroaren 25aren baitan, Debagoieneko herri guztietan egin dituzte ekitaldiak, eta, indarkeria matxistaren aurrean tinko agertu dira iluntzean plazetan elkartutakoak, "autodefentsa feminista" aldarrikatuz.

2003tik hona indarkeria matxistak eraildako emakumeak eta haurrak izan dituzte gogoan hainbat herritan. Eta konponbidea ez dena arazo dela adierazi dute pankarten bidez.

Konpromiso eskaera indarkeria matxistarekin amaitzeko

Arrasateko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea Seber Altube plazan izan zen. Ez bazara konponbidea arazoa zara lelopean egin zuten elkarretaratzea, eta ekitaldia hasi eta gutxira, bengala gorriak piztuta Ez gaituzue izutuko lelopean beste pankarta bat atera zuten.  "Gogora ekarri nahi ditugu aurten biolentzia matxistak Euskal Herrian eraildako bost emakumeak. Horrekin batera, adierazi nahi dugu indarkeria matxista mota ezberdinek erro berdina dutela, eta horrekin amaitzeko konpromisoa hartu behar dugula guztiok", azaldu zuen, besteak beste, Maite Igartuak, Arrasate Mugimendu Feministako kideak.

Bereziki gizonezkoek hartu beharreko konpromisoa dela nabarmenduta, gaineratu zuten erakundeek ere hartu beharko luketela konpromisoa indarkeria matxistaren aurrean, eta komunikabideek ere indarkeria matxista kasuren bat dagoenean trataera egokia egitea ere eskatu zuten.

Itaiaren ekitaldia Arrasateko plazan

Deba Bailara Itaiak antolatutako ekitaldia, berriz, Herriko Plazan izan zen eta matxismoaren aurkako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoarekin amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu zuten. "Batetik, kalean, sare sozialetan, zein instituzioetan gero eta gehiago zabaltzen ari diren diskurtso matxista eta erreakzionarioen aurka; eta, bestetik, eraso ororen
eta, zehazki, erasotzaileen inpunitatearen aurka. Eta, horrekin batera, emakumeok lehen lerroa hartu, modu independentean antolatu eta matxismoaren aurka borrokatu behar dugu. Indarkeria matxistaren aurka, emakume langileok lehen lerrora!", azaldu zuten ekitaldian.

Aldarrikatzeko modu ezberdinak

Bergaran, Isiltasuna apurtu! Antolakuntza feminista denon ardura izenburupean, Martxanterak eta Oñeztua taldeak antolatuta manifestazioa egin zen. Hasi aurretik, zapatu gorri ugari jarri zituzten plazan, Aramaion egin zuten moduan, eta ibilbidea hasteaz batera, aldarrikapen mezuak ozen entzuten entzun ziren, esaterako, Gora borroka feminista!; Diskurtso gutxiago, errekurtso gehiago! bezalakoak.

Oñatin, Indarkeriaren aurrean guk autodefentsa feminista lelopean egin zuten manifestazioa Herriko Plazatik abiatuta Oñatiko kaleetan zehar.

Elgetan, Konponbidea ez bazara arazoa zara lelopean egin zuten elkarretaratzea udaletxe aurrean batuta; hilobiak irudikatu zituzten plazan eta lore eskaintza egin zuten gero, biktimen omenez.

Aretxabaletan bengala gorriak piztuta erakutsi zuten egoeraren larritasuna, eta indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazi beharraren garrantzia azpimarratu zuten.

Eskoriatzan ere batu ziren Mugimendu Feministako kideak deituta, Fernando Eskoriatza plazan. Gainera, elkarretaratzera batu ziren gatzagarrak, eta, isilik, matxismoaren biktima diren emakumeak entzun zituzten bozgorailuetatik jarritako adierazpenen bitartez.

Antzuolan ere egin zuten elkarretaratzea plazan, udaletxe aurrean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak