Hainbat ekintza Debagoienean Movemberren harira

Gontzal Belategi Zubia 2024ko aza. 8a, 13:30

Urteroko zita da dagoeneko Elorregin egiten den Movember topaketa, eta 11:30erako egin dute biharko hitzordua. Ondotik etorriko dira bai Arrasaten bai Bergaran antolatutako ekintzak. Aurtengoa berezia izango da gainera, Arrasateko taldeak 10 urte betetzen ditu eta. Egitasmoaren helburuan da gizonezkoen osasun arazoei agerikotasuna ematea.

Azaroa heltzen denean hainbat bibote ikusten dira Debagoieneko kaleetan barrena, Movember egitasmoarekin elkartasunez. Mondravemberreko kide Iban Arroiaberen arabera, helburua gizonezkoen osasunaren inguruko kontzientzia zabaltzea da: "Australian 2003an sortutako egitasmoa da. Movemberren helburua gizonezkoen osasun arazoei agerikotasuna ematea da; tartean, prostatako minbiziari, barrabiletako minbiziari eta osasun mentalari". Gaia jorratzen duten elkarteei ematen zaizkie irabaziak.

Topaketak Elorregin

Urtero, ibarreko taldeek topaketa antolatzen dute Elorregin, eta aurten azaroaren 9an izango da, 11:30ean. "Bertso saio bat antolatu dugu eta musika ere egongo da. Mokadutxo bat hartu nahi duenak ere izango du aukera. Ordu pare bat izango dira elkarrekin egoteko. Egun polita izaten da".

Arrasateko taldeak hamar urte

Aurtengo azaroa, gainera, berezia izango da, Arrasateko Movember taldeak hamar urte bete ditu eta: "Duela hamar urte, nire lagun batek susto txiki bat izan zuen prostata inguruan, eta, mugimendu bat sortzen zebilela ikusita, honetan hastea erabaki genuen. Taldeak garapena izan zuen eta duela urte batzuk Mon- dravember sortu genuen". Ibilbidearen balorazio "oso positiboa" egiten du Arroiabek.

Emanaldi berezia Arrasaten

Arrasateko taldeak antolatu duen ekintza nagusia Amaia antzokian egingo den emanaldi berezia izango da. Azaroaren 16an izango da, 19:00etan hasita, eta hainbat talde izango dira bertan; besteak beste, Neomak, Etxepe, Sertx, Mikel Urdangarin eta Txorbela Otxotea. "Aurten zerbait berezia egin nahi genuen. Zaila izan den arren, denon artean egindako lanari esker emanaldi txukuna antolatu dugula esango nuke", dio Arroiabek. Sarrerak Arrasate.eus atarian eskuratu daitezke, 15 eurotan. Goiena Komunikazio Taldeak osorik grabatuko du.

Egitarau zabala Bergaran

Bergaran egitarau oparoa antolatu dute: azaroaren 14an, 19:00etan, Lola Dacostak Sexua- litatea prostatako minbizia sendatzean hitzaldia egingo du Irizar jauregian. Hurrengo egunean, 18:30ean, spinning-rocka egingo dute Agorrosinen. Azaroaren 22an, berriz, Maddi eta Irene Ventin eta bertsolariak Pol-Polen izango dira, 18:30ean hasita. Hilaren 29an, Elgoibarko Brilet taldearen kontzertua izango da Ventin, 18:30ean. Amaitzeko, azaroaren 30ean, 11:30ean elkartuko dira. Mendi buelta bat egin, elkarrekin bazkaldu eta bibotea moztuko dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak