Prostatako minbiziaren aurkako Arrasateko mugimenduak, gerora Mondravember izena hartu zuenak, hamargarren urteurrena du aurten. "Argi geratu dadila Mondravember gure zigilua dela, baina mugimendua beti izango da Movember", azpimarratu du taldeko kide Iban Arroiabek. "Gainera, irabazi asmorik gabeko elkarte gisa erregistratu gara aurten, eta horrek asko laguntzen digu eskaerak eta tramiteak egiterakoan", gaineratu du.
Ohi moduan, azaroa baliatuko dute haien aldarrikapenak eta ekintzak egiteko. Hala, asteburu honetan, Mondrarekin elkarlanean, otarre bat zozketatuko dute eta talde-argazkia aterako dute arrasatearrek Añorgaren aurka jokatuko duten partiduan, Mojategin. Horrez gain, azken urteetan egin izan duten mus txapelketa ez dute egingo aurten, "ez zuelako arrakasta handirik", baina herriko establezimenduek horretarako eman dizkieten sariak aprobetxatu egingo dituzte Mojategiko zozketan saritzeko.
Azaroaren 9an, Debagoieneko Movember taldeen topaketa egingo dute Elorregin, Mondravemberrek antolatuta. Oinez edota bizikletaz joateko deialdia egin dute, eta, ondoren, parrilla piztuko dute, askotariko jakiak prestatu eta elkarrekin dastatzeko. "Horrekin batera, bestelako minbiziak ikertzeko lanean diharduten hainbat talderi ere zabaldu diegu deialdia. Gauza polita irtengo dela uste dugu".
Etxeko zein kanpoko artistak
Azaroaren 16an egingo dute emanaldi nagusia, Amaia antzokian, 19:00etan hasita, eta sarrerak 15 euro balio du (Arrasate.eus-en jarriko dituzte salgai gaur arratsaldean). "Ordu eta erdiko emanaldia egitea da asmoa; asko jota, bi ordukoa. Hasieratik helburua izan da musikari ezagunak ekartzea, baina baita herriko eragileak ere, eta lortu dugula esango nuke". Hala, Gorka Etxabek aurkeztuko du eta honako hauek izango dira parte hartuko dutenak: Ttakun Txalaparta Elkartea; herriko dantzariak eta txistulariak; bertsolariak –Zigor Enbeita, Asier Iriondo, Manex Agirre eta Xabi Igoa–; Txorbela Otxotea, Sertx musikaria, Garaguneko kideak, Neomak, Etxepe, Arkaitz Carracedo eta Amaia Zabala ikerlariak eta Mikel Urdangarin. Goiena Komunikazio Taldeak osorik grabatuko du emanaldia.
Talde bakoitzak hamar bat minutuko saiotxoa egingo du eta, tartean, zozketa ere egingo dute. Horretarako, sarreran eskuratutako tiketa erabiliko dute.
Azaroaren 23an, urtero moduan, talde-argazkia eta bazkaria egingo dute Mondravemberreko kideek. Aurten, gainera, berrikuntza bat izango dute egun horretarako; izan ere, bibote txapelketa egingo dute talde-argazkia atera aurretik, 12:30ean, Herriko Plazan. Hala, epaimahai bat egongo da eta herritarrek biboteak erakutsiko dizkiete epaimahaikideei, eta hainbat sari banatuko dituzte.
Materiala salgai egubakoitzetan
Aurten, Aretxabaletako Lanbide Eskolak ordaindu du Garagunekoek eskulanak egiteko materiala. Izan ere, 50 koaderno egin dituzte, eta horiek ere salgai jarriko dituzte, ikerketarako dirua batzeko asmoz. Horrekin batera, Mondravemberreko kamisetak, biserak eta lepokoak ere salduko dituzte, azaroko egubakoitz guztietan, 19:00etan, Seber Altube plazan.
Halaber, SUDC elkarteko kide diren elkarte guztietan bibotearen irudia jarriko dute azaroan, mugimenduari atxikimendua adierazteko, eta Ibai-arteko establezimenduek ere jarriko dituzte.
Azkenik, babesleei "eskerrik beroenak" eman dizkiete Mondravemberreko kideek: "Laboral Kutxak, esaterako, 4.000 euro eman dizkigu aurten".