Juan Luis Zabalak bidalitako argazkia, Leintz-Gatzagako iturrian freskatzen ari den gazte kuadrilla bati ateratakoa, aukeratu du epaimahaiak lehenengo sariko irabazle moduan. Zabalak lehiaketan parte hartzen duen hirugarren aldia da, eta lehenengo urtean bigarren saria eskuratu zuen. Aurten, Arrasateko eta Bergarako Halcon Bidaiak-en eskutik, Landetxe batean bi pertsonarendako gaua eta gosaria irabazi du. Zabalak argazkia nola atera zuen azaldu du: “Ni justu iturri gainean bizi naiz, Leintz-Gatzagan. Udan talde dezente gerturatzen dira gaua pasatzera. Bero asko egiten zuen egun batean, gaua pasatzera etorri zen talde batekin egin nuen iturrian. Ni kamerarekin beste argazki bat egiteko asmoarekin irten nintzen, eta eszena horrekin topo egiteagatik atera nuen argazkia”.
Gaizka Untzuetak bost hilabete inguru pasa ditu Asian barrena bidaiatzen, bidalitako argazkia bere bidaiaren ale txiki bat da eta eta haren argazkia aukeratu du epaimahaiak. Untzuetak Lhasan (Tibet) atera zuen argazkia, bidaiari hasiera eman zion egunean. Koloreak, bertan ikus daitekeen atea zela eta “bereziki” argazki hori gustatu zitzaiolako erabaki zuen lehiaketan aurkeztea. Gure Ametsa jatetxean bi lagunentzako otordua jasoko du sari moduan.
Kolonbiako Marina uhartera lagunekin egindako bidaian Alix Barberok ateratako udako argazkiarentzako izan da 3. saria. Lagunekin egindako bidaia hartan hainbat argazki banatu zituztela azaldu du, eta berak hau kolore politak zituelako eta lagun bat agertzen zelako aukeratu zuen. Arrasateko Eroski hipermerkatuari esker, Samsung Galaxy A05s eskuko telefonoa lortu du.
Kategoria berria
Aurtengo kategoria berrian, Gazte Sarian, Izaro Hernandez izan da irabazlea Dolomitetako argazki batekin. Intersport-Loramendiren eskutik, mendirako motxila, bastoiak eta kantinplora batek osatzen duten McKinley sorta irabazi du. Izaro Hernandez ezin izan da saria jasotzera joan, bere aitak, Ander Hernandezek, jaso du bere ordez.
Publikoaren saria
Publikoak erabaki du bosgarren saria, zenbatutako 259 botoetatik gehien lortu dituena Elias Villavicenciok Arrasaten ateratako argazki bat izan da. Eta Bergarako Ereindajanen eskutik, bertako eta kalitatezko produktuen saski ederra jaso du. Arrasaten erreka dagoen lekuan hainbat argazki atera zituela esan du, ondoren guztietatik gehien gustatzen zitzaiona editatu eta eskolan erakutsi zuen. Argazkia oso polita zenez eskolan lehiaketan aurkeztea proposatu zioten.