ALBISTEAK

EAJk irabazi ditu hauteskundeak botoetan, EH Bildurekin berdinduta eserlekutan

Julen Murua Mesonero 2024ko api. 21a, 23:43

27na eserleku eskuratu dituzte EAJk eta EH Bilduk, baina jeltzaleek irabazi dituzte hauteskundeak botoetan. Hala ere, koalizio abertzaleak gorakada handia izan du bai botoetan, bai eserleku kopuruan. PSE-EE izan da hirugarren indarra Eusko Legebiltzarrean boto, eta ondorioz, legebiltzarkide kopurua handituta –12– eta PPk –7– , Sumarrek –1– eta Voxek –1– ere izango dute ordezkaritza. Txanponaren beste aldean dago Elkarrekin Podemos; boto eta eserleku galera nabarmena izan du EAEn, eta aulkirik gabe gelditu da Legebiltzarrean.

Berdindu egin dute eserleku kopuruan EAJk eta EH Bilduk 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, 27na aulkirekin. Hala ere, jeltzaleek lortu dute boto kopuru handiena; 370.554 boto, %35,22. Boto kopuru txikiagoa lortu arren, EH Bilduk nabarmen egin du gora aurtengo hauteskundeetan bai boto kopuruari eta baita eserleku kopuruari dagokionean ere. 2020ko hauteskundeetan 249.580 boto eta 21 eserleku lortzetik, 2024an 341.735 boto eta 27 eserleku lortzera igaro da koalizio abertzalea eta ehunekoei dagokienez, botoen %27,86a eskuratzetik %32,48a lortzera pasatu da.

PSE-EE izan da hirugarren indarra 149.660 boto eta 12 aulki eskuratuta, eta gainera, gorakada izan dute botoen ehunekoei dagokionean –%13,65etik %14,22ra–. PPk, Sumarrek eta Voxek ere gora egin dute boto kopuruan, 97.149, 35.092 eta 21.396 boto eskuratuta, hurrenez hurren; aulkiei dagokienez, zazpi eskuratu ditu alderdi popularrak eta eserleku bana Voxek eta Sumarrek.

Elkarrekin Podemosek aurretik zituen 6 eserlekuak galdu ditu eta, beraz, ez du ordezkaririk izango Legebiltzarrean. 48.434 boto galdu ditu 2020ko hauteskundeekin alderatuta –72.113 izatetik 23.679 izatera igaro da–.

Parte-hartzea %62,52ekoa izan da, 2020ko hauteskundeetan baino 9,66 puntu gehiagokoa.

Gipuzkoan eta Araban, EH Bildu

EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Gipuzkoan, 136.301 boto eskuratuta, eta, bi eserleku irabazi ditu 2020rekin alderatuta. Aldiz, EAJk 2.000 boto galdu ditu eta baita eserleku bat ere. Hala, EH Bilduk hamaika eserlekurekin aurrea hartu dio EAJri, bederatzirekin geratu baita. Alderdi Sozialistak ordezkari bat gehiago izango du, lau guztira eta PPk eutsi egin dio bakarrari. Podemos-Ahal Dugu legebiltzarkide barik geratu da eta Sumarrek ere ez du eskuratu.

2020an baino bi eserleku gehiago izango ditu EH Bilduk Arabatik. Era berean, EAJk bi jarleku galdu ditu, duela lau urte baino 872 boto gehiago jaso arren. PSE-EEk eta PPk launa jarleku izango dituzte. Sumarrek bat lortu du, eta Elkarrekin Podemosek zituen biak galdu ditu.

Bizkaian, jeltzaleek legebiltzarkide bat galdu dute, eta 11 lortu dituzte. EH Bildu, berriz, sei eserleku izatetik zortzi izatera igaro da, PSE-EEk lau legebiltzarkide lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago, eta PPk aurretik zituen biei eutsi die. Gainontzekoek ez dute eserlekurik lortu.

EAJren eta EH Bilduren arteko aldea asko murriztu da Bizkaian, batez ere, koalizioak egindako boto kopuruen gorakadaren ondorioz. EAJk berriro gainditu du 200.000 botoen langa, eta EH Bilduk, berriz, duela lau urte baino ia 50.000 boto gehiago eskuratu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak