HEMEN DEBAGOIENA

Ane Elordi: "Presente eduki behar da Korrika aldarrikapenerako ekimena dela"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko urt. 12a, 12:42

2022an hartu zuen Korrikaren koordinatzaile izateko lekukoa zornotzarrak eta lehen aldiz izango du euskararen aldeko ekimenaren gidaritza; atzo aurkeztu zuten aurtengo ibilbidea eta Debagoienetik birritan pasako da Korrika: martxoaren 20an eta 23an.

Martxoaren 14an abiatuko da Korrika, Irundik, eta martxoaren 24an iritsiko da Baionara. Aurtengo edizioari buruz gehiago jakiteko, Korrikaren koordinatzaile Ane Elordi (Zornotza, 1991) elkarrizketatu du GOIENAk.

2022ko azarotik zara Korrikaren koordinatzailea, baina 2015a ezkero zabiltza AEKn eta Korrika bera ere ezagutzen duzu.

Hasieran, AEK-ko kide guztion moduan, Korrika antolaketetan parte hartzen dugu; lehenengo, eskualde mailan, bakoitzari dagokionetan. Gero, eduki dut aukera 21. Korrikan furgoneta-taldeetako kide izateko eta Euskal Herri osoa zeharkatzeko. 22. edizioan prentsa-taldeko kide izan nintzen. Badira Korrika bera bizi izateko hainbat modu.

"Korrikak gizarte osoa mugiarazten du eta muga bakarra hizkuntza bera da"

Korrika... nola definituko zenuke?

Korrika zerbait bada, emozio-jai bat da, baina ezin dugu ahaztu, sarri, jai horretan gelditzen garela eta oso presente eduki behar dugula aldarrikapenerako ekimena dela. Euskararen inguruan antolatzen den Euskal Herriko ekimenik erraldoiena da. Gizarte osoa mugiarazten du eta muga bakarra hizkuntza bera da.

Koordinatzaile modura lehen Korrika duzu; zertan nabarituko da gidaritza aldaketa?

Bakoitzak bere aletxoa jartzen dio. Azkenengo ikasturtean askotariko hausnarketak eraman ditugu aurrera. Euskara da guretzat erdigunea, baina badakigu Harro herri eta euskararen Harro herri hori sortzeko beste arlo batzuetan ere eragina eduki behar dugula. Ezin dugu ahaztu Korrikak bi helburu dituela: bata, euskararen kontzientziazioan suspertzea; eta bestea, AEKrentzat baliabide ekonomikoak batzea. Orduan, oreka hori mantenduta pauso txikiak egiten aurrera goaz. Euskarriei dagokienez, Korrika hurbildu ahala Euskal Herri osoa apaintzeko ardura hartzen dugu AEK-ko kideok, baina apainketa hori, sarri, plastikoz janztea dela iruditu izan zaigu. Horri aurre egiteko, materialak eta beste modu bateko apainketa batzuk sustatzen gabiltza.

Harro herri lelopean egingo da; zer esan nahi du ideia horrek?

Batetik, azpimarratu nahi izan dugu badela momentua euskaraz harro bizi nahi dugula eta bizi garela adierazteko. Harro, baina ez konforme. Ezin dugu ahaztu azaroaren 4an Kontseiluak deitutako manifestaldi hartan bildutako jende guztia. Hori da, gure ustez, badagoela gogo bat euskaraz Harro herri sortzeko. Gutako bakoitza ezberdina izan arren, norbere iritzi, pentsaera eta jokaerak izango ditu, baina hizkuntza berak batuko gaitu.

Omendua Azterketak Euskaraz da; Baxoa eta Brebeta azterketak euskaraz egiteko borrokan dabiltzan ikasleei egingo diezue aitortza.

Sarri, iruditzen zaigu hegoaldean Azterketak Euskaraz kolektiboaren borroka ez dela askorik ikusten edo ez dela ezagutzen. 23. edizioan iruditu zaigu momentu ona dela eurei aitortza egiteko, badelako borroka luze bat. 25 urte edo gehiago izango dira hasierako ikasle haiek planto egiten hasi zirenetik, hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenen borrokan hasi zirenetik.

Zergatik Irun eta Baiona Korrika abiatu eta amaitzeko?

Azkenengoa Donostian amaitu zenez, herrialde horretako herri batetik abiatzea da irizpideetako bat. Gipuzkoak Irun proposatu zuen. Irun bada Gipuzkoako bigarren herririk populatuena. Gipuzkoaren ezaugarria bada arnasgune izatea Euskal Herrian, baina arnasgune horren barruan dena ez da urre. Horren adierazle izan daiteke Irun. Bada modu bat Korrika hasiera hango euskalgintza indartzeko. Helmuga-hiriburuak tartekatzen dira eta Baionari tokatu zaio.

"Saiatzen gara herri gehienetatik pasatzen; gutxi gorabehera, 210 herri igaroko ditu"

Atzo ezagutu genuen ibilbidea; zein irizpiderekin osatzen duzue Korrikaren mapa?

Saiatzen gara ahalik eta herri gehienetatik pasatzen; gutxi gorabehera, 210 herri igaroko ditu. Badira irizpide batzuk bai ala bai bete beharrekoak edizio oro, hala nola, herrialde guztiak zapaltzea eta AEKren euskaltegia dagoen herrietatik pasatzea. Horrez gain, saiatzen gara, gutxienez, herrialde bakoitzeko eskualde guztiei keinutxoa egiten. Batzuetan, zeharkatu; beste batzuetan, ukitutxo bat. Beti kontuan izaten da aurrekoan nondik ez ginen pasa edo noiz pasa ginen azkenengoz.

Debagoienean, esaterako, Elgetatik Zaldibarrera heltzeko Aixolako urtegi ondotik joango da.

Ez da ohiko bidea, baina bertakoek proposatu dute. Guk beti esaten dugu: "Bertakoek esaten badute, eurek dakite ondoen".

Zenbait kasutan –Debagoienean, adibidez–, birritan pasako da.

Hemen bi egunez gozatzeko aukera egongo da. Aurrekoan, Oñati ez genuen ukitu, eta oraingoan pasako gara handik.

Zer da lekukoaren mezuaren bitartez bilatu nahi izaten dena?

Bilatzen dugu Korrika edizio osoa biribiltzea. Jendartean esaten dugu martxoaren 14tik 24ra dela Korrika, baina gu azaroaren 16an Korrika aurkeztetik gatoz, bitartean eskaintza kulturala itzela izanda, Korrika beka, kantua ateratzen da, dokumentala aurkeztuko da… Sei hilabeteko ziklo moduan bizi dugu, eta guztia biribiltzeko pastelaren goiko txokolatetxoa dela esan daiteke.

Baionan egingo da azken festa handia; zer aurreratu dezakezu?

Prestaketa lanetan gabiltza. Hango kideak ari dira buru-belarri. Espero dugu Donostia bete zen bezala Baiona ere betetzea.

"Guztion artean asmatu beharko dugu zikloka aritu eta indarra metatzeko modua"

Nola hartu daiteke parte Korrikan?

Kilometroak eskuratu eta korrika egitea izan daiteke modu bat, espaloitik txalo egin eta animatzea… Gure webgunean guztiak bilduta daude. Arropak ere atera dira, ekarpen ekonomikoa egiteko moduak asko dira: Korrika laguntzaile bihurtu, herriz herri antolatzen diren batzordeetan antolaketa lanetan aritzea... Sarri AEK-ko kideon esku geratzen den lana da, baina Korrika batzordeak ia herri guztietan sortzen dira.

Eta ekonomikoki, zertara bideratzen da batutako dirua?

1980an Korrika sortu zenetik, helburuek berberak izaten jarraitzen dute. Euskara-eskolak emateaz gain, praktika egitasmoak ditugu, aholkularitzak eta beste hainbat zerbitzu. Horiek guztiak patxadaz emateko eta zerbitzu egokia bermatzeko erabiltzen da baliabide hori.

Hamaika egun korrika; gero zer?

Kezka hori ere izaten dugu. Horretan badugu lana eta erronka. Azaroaren 4an herriak erantzun zuen. Orain, Korrika dator; gero, Euskaraldia. Guztion artean asmatu beharko dugu zikloka aritzeko eta indarra metatu eta erabiltzeko modua.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak