Fagor Taldeak eta Ixotzen energia komunitateak hitzarmena sinatu dute

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 9a, 18:51

Fagor Taldeak 50.000 euroko ekarpena egingo dio Elgetako Ixotzen energia berriztagarrien komunitateari, eta kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatuko da. Hitzarmen berria sinatuta, gaur-gaurkoz, bi dira kooperatiba taldearen babesa duten Debagoieneko energia komunitateak: Ekiola eta Ixotzen.

Fagor Taldeak eta Ixotzen energia komunitateak hitzarmena sinatu dute urtarrilaren 9an eta horrek bi ondorio nagusi izango ditu: Batetik, Fagor Taldeak 50.000 euroko ekarpena egingo dio Elgetako Ixotzeni eta, bestetik, kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatuko da taldea.

Ixotzen komunitatearen lehen proiektua Elgetako frontoiko teilatuan 45 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa egitea izango da. "Azken hilabeteetan interesa adierazi duten dozenaka familiak zein hainbat elkarte eta negoziok parte hartuko duten autokontsumo partekatuko instalazioa izango da", adierazi du Roberto Sanzek, Ixotzeneko lehendakariak.

Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak, halaber, nabarmendu du energia berriztagarrietan sakondu beharra dagoela. "Askotarikoak dira Debagoienean martxan diren ekinbideak. Horiei ekarpena egiteko konpromisoz dihardu Fagor Taldeak, energia berriztagarrien bidean urrats bakoitza baita beharrezko. Hala, Fagor Taldea prest dago bide horretako ekarpenekin segitzeko, komunitatearekin eta gizarte erronkekin duen konpromisoan sakontzen jarraituz".

Bazkidetze kanpaina, laster

Energia kooperatibak datozen asteetan jarriko du martxan bazkidetza kanpaina, eta bazkide egiteko aukera izango du elgetar orok, proiektuan parte hartuko duenak edo soilik kooperatibako kide izan nahi duenak.

Hiru bazkidetza-mota aurreikusi dituzte: bazkide erabiltzaileak –izan pertsona fisikoak zein juridikoak–, bazkide langileak –etorkizunean kooperatibak izan ditzakeenak– eta bazkide laguntzaileak. Azken horretan leudeke enpresak eta erakundeak –gaur-gaurkoz, Fagor Taldea eta Elgetako Udala daude horien artean–. Gaiari loturiko zalantzak argitzeko, helbide elektroniko bat jarri dute herritarren eskura: ixotzen@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak