'Zurrunbiloan', zuzen eta indartsu, Letagin taldea

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko aza. 24a, 17:07

Plataforma digitaletan daude Oñatiko taldearen kantu berriak entzungai, eta formatu fisikoan, Durangoko azokan –Musikazuzenean stand-ean– eta kontzertuetan izango da eskuratzeko aukera; besteak beste, abenduaren 2an, herriko gaztelekuan. Arrasate Irratiko Zaku bete kontu saioan izan dirataldeko abeslari Julen Agirre eta Unai Lete baxu-jolea.

Aurrez musika talde ezberdinetan ibilitako lau lagunek abiatu zuen Letagin, 2018an, eta, gaur egun, Unai Letek (baxu-jolea), Julen Agirrek (ahotsa eta gitarra), Mikel Aginagaldek (gitarra) eta Iban Idigorasek (bateria-jolea) osatzen dute laukotea.

2020an argitaratu zuten lehenengo diskoa; bada, "lan-prozesu luze baten" ostean, kalean dute sei kanturekin osatutako bigarren bilduma, Zurrunbiloan. 

Zuzenak eta gogorrak

Ekainean buru-belarri sartu ziren sorkuntzan, eta urri bukaeran hasi ziren grabatzen. "Mungiako Gaua estudioan izan ginen, Jon Asier Zubelzu, Iker Aginaga eta Iker Villaren gidaritzapean; oso gustura ibili ginen, eta pozik gaude emaitzarekin", dio abeslariak.

Disko motza bezain anitza dela kontatu du baxu-joleak: "Kantuak euren artean ezberdinak dira, taldekideok dugun musika eragin ezberdinengatik, batetik, eta, denbora luzean idatzi ditugulako, bestetik. Orokorrean, aurreko abestiekin alderatuz, gogorragoak eta zuzenagoak dira. Kantu azkarren artean, balada bat sartu dugu, hitz gordinekin hori ere. Maddi Arlanzonen ahotsa eta Miren Fernandezen teklatuak ere entzungo dituzue hor".

Oñatiko Letagin taldearen bigarren diskoaren azala.

'Barne sua', bideokliparekin

Aurreko astean argitaratu zuten bilduma berria aurkezteko erakutsi duten lehen kantua, irudiekin. "Aretxabaletako Daniel Sanchez Skst Design-ekin grabatu dugu, eta oso harrera ona izan du. Kantuaren istorioa kontatu genionean, protagonista margolari bat izatea proposatu zigun, eta aktore moduan Jon Zubiaga Osoron oso aproposa iruditu zitzaigun".

Bildumaren diseinuari dagokionez, Xanti Ugartek egindakoa da. "Une baxuak izan ditugu taldean, eta hori islatu nahi genuen azalean; zulo beltz bat, baina, orain gauden egoerari begiratuta, aura koloretsu batek inguratuta".

Dozena bat kontzertu

Donapaleun izango dira bihar, eta "irrikaz" daude datorren astean herriko gaztelekuan jotzeko; Niña Coyote eta Chico Tornadorekin batera izango dira, 22:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak