Puntua aldizkariaren 388. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Alaves taldeko Aleksandar Sedlar jokalariak ezker hankako lotailu gurutzatua apurtu zuen Almeriaren kontrako partiduan, azaroaren 5ean. Barne meniskoaren haustura partziala ere sufritu zuen. Realeko jokalari David Silvak lesio berbera sufritu zuen uztailean, eta Mikel Oyarzabalek, 2022an. Futbol jokalariek izan ohi duten lesioetako bat da. Akaso ez da ohikoena, baina bai larria eta errekuperatzeko prozesu luzea eskatzen duena.
Azkenaldian, baina, emakumezkoen kirolak indarra hartu duen heinean, ezagutzen hasi gara emakumezko kirolariek ere sufritzen dutela lesio hori; gizonezkoek baino gehiago. Realeko jokalari Cecilia Marcosek bi belaunak hautsi zituen, horietako bakoitza elkarren segidako bi denboralditan: 2021-2022an eskuinekoa eta 2022-2023an ezkerrekoa. Bartzelonako jokalari Alexia Putellasek ere belauna apurtu zuen, eta ia bederatzi hilabete behar izan zituen berriro jokatzen hasteko. Lesio gogorrenetako bat da, bai fisikoki, bai psikologikoki, eta eragin handiagoa du emakumeengan.
Adin goiztiarrean
Madrilgo Cemtro klinikaren datuen arabera, emakumezkoen futbolean eta saskibaloian lotailu hausturen bikoitza gertatzen da, gizonezkoen aldean. Eskubaloiaren kasuan, lau aldiz handiagoa da kopurua. Ez da ez kasualitatea, ez zorte txarra. Biologia da. 2021ean emakumezkoen Lehenengo Mailako hamabi jokalarik apurtu zuten gurutzatua, @futboleras_ff-ren arabera. Denboraldi hartako lesioen %40. Zergatik dute emakumezko kirolariek belauna apurtzeko joera handiagoa? "Hainbat arrazoi daude. Alde batetik, haien anatomia desberdina da, eta horrek faktore mekaniko batzuk dakartza, lesio mota horiek eragiteko joera dutenak. Pelbisaren egitura normalean zabalagoa denez, beheko gorputz-adarrek balgoko posizioa hartzen dute, hau da, bi belaunak elkartzeko eta lesioarekiko kalteberagoak bihurtzeko jarrera", esan du Edorta Esnal traumatologoak. Hala, berdin da Lehenengo Mailako jokalari izan, edo Txapeldunen Ligan jokatu edo lurraldeko mailako futbol talde bateko kide izan. Emakumeak berezko duen fisionomiak baldintzatutako lesioa da. Emakumeek egitura txikiagoak eta zabalagoak dituen eraikuntza anatomiko eta biomekanikoa dute, aldaka kasu. Zenbait ikerketaren arabera, emakumeak gizonak baino zortzi aldiz gehiago lesionatzen dira, eta oso adin goiztiarrean, gainera: 15 eta 19 urte bitartean.
Hormona aldaketekin
Emakumearen berezko ezaugarriez harago, ohikoa da lesio mota horiek hormona aldaketekin eta ehunaren egituran (muskulu tendinosoa) duen eraginarekin lotzea. "Estradiola, progesterona eta relaxina dira lotailu gurutzatuaren laxotasunarekin lotuta hilekoaren zikloan aztertu diren hormona nagusiak. Obulazioaren aurreko zikloan, obulazio-aldietatik hurbil dauden maximoak lortu dira. Oro har hartuta, azterketa horiek iradokitzen dute halako lesioetarako hilekoaren zikloan arrisku txikieneko denbora fase luteoan edo postobulazioan dagoela", esan du Esnalek.
Pazientearen lankidetza
Eta diagnostikoaren eta ebakuntzaren ostean dator biderik gogorrena, eta askorendako luzeena. Medikuek 6 eta 9 bederatzi hilabete arteko errekuperazio denbora zehazten dute. Baina beti ez da horrela izaten. "Tempoak izan ohi dira inportanteenak. Medikuak 6 hilabeteko errekuperazioa markatzen badigu, ezin gara denbora horrekin obsesionatu, gehiago izan daitekeelako", dio Uxue Otxoa kirol-psikologoak. "Errekuperazio horrek pazientearen lankidetza handia eskatzen du. Ezinbestekoa da. Fase jakin batzuetan egin behar izaten da, eta fase horiek behar bezala gauzatzeak zehaztuko ditu bai sendatze- denbora eta baita lotailu gurutzatuaren bigarren hausturak jasateko aukera ere. Ebakuntza egin eta 6-9 hilabetera, berriz ere kirola egitea aurreikusten da. Baina ez da izaten matematika zehatza", ondorioztatu du Esnal doktoreak.
Alaitz Lazkanoiturburuk (Oñati, 2000) eskubaloian jokatzen apurtu zituen ezker belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa, eta errotularen desplazamendua sufritu zuen. 2014an apurtu zuen, baina gazteegia zenez, ez zioten ebakuntzarik egin, meniskoa apurtu zuen arte (2015). "Atseden gutxi izan nuen denboraldi hartan. Lagunarteko batean belaunak klask egin zidan, eta berehala jakin nuen ez zela bihurritu bat". Bestalde, Lazkanoiturbururi artikulazioen hiperlaxotasuna diagnostikatu zioten. Hau da, ehunen elastikotasuna areagotzearen ondorioz, artikulazioen gehiegizko mugikortasuna. Ohikoagoa, emakumezkoetan. Hala, 2019an mentu bana ipini zioten lotailuan eta meniskoan.
Bigarrena, eskiatzen
Eskubaloia utzita zuela, 2021ean, eskiatzen apurtu zuen eskuinekoa. Zarata eta min berbera. Berehala jakin zuen lotailua apurtuta zuela. Berriro ebakuntza-gelara. "Errekuperazioa oso gogorra da. Gogorra eta minkorra. Baina batez ere gogoratzen dut nolako ezintasuna sentitu nuen, bereziki bigarrena apurtu ostean. Hainbeste denbora hanka lurrean ipini barik, etxetik irten ezinik...". Belaunak guztiz errekuperatu ditu, baina lesioen beldurrak hor jarraitzen du. "Bereziki, indar ariketak egiten ditut koadrizepsak lantzeko. Ez naiz korrika egitera ere ateratzen, pauso txarren bat emateko eta min hartzeko beldurrez".
Ligako futbol partidu batean, pase bat ematerako orduan, ezkerreko belauna barru aldera joan zitzaion Elene Guridiri (Oñati, 2002). Kraska entzun orduko, ezker belaunean lesio larria zuela konturatu zen. Probek erakutsi zuten lotailu gurutzatua apurtuta zegoela. "Lesioa oso kolpe gogorra izan zen. Baina ebakuntzaren ondoren, errekuperazio prozesurako, oso mentalizatuta eta psikologikoki oso indartsu egon nintzen. Banekien zenbat denbora beharko nuen guztiz sendatzeko, eta horrek asko lagundu zidan".
Beldurrak
Baina beldurrak eta blokeo mentaleko uneak errekuperazioaren azken fasean iritsi zitzaizkion Guridiri. Futbol zelaira itzultzeko eta baloia ukitzen hasteko unea iritsi zenean. "Hain gertu ikustean sufrimendua sortzen zidan. Gainera, baloiarekin hasi nintzenean, belaunak min egiten zidan. Minbera nuen, eta gelditzeko agindu zidaten. Mundua gainera etorri zitzaidan. Jokatzeko moduan nengoen, baina belaunak ez zuen gura".
Jokatzen berriro
2023ko otsailean jokatu zuen lesio osteko lehen partidua. Berriro gozatzen hasteko momentua. Ordutik dihardu futbolean, inongo beldur barik. "Oso ziur nago belaunaz. Jokatzen ari naizenean ez dut horretan pentsatzen. Ez dut minik. Jokatzera irteten naizenean ez naiz berriro lesionatzeko beldur".
Nerea Agirrezabali (Bergara, 1994) eskuin belauna ateratzen zitzaion futbolean jokatzen zuenean Batxilergoko lehen mailan. Sartzen zioten, eta jolasten jarraitzen zuen. Egun batean jauzi batean krak egin zuen arte. Lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi zituen. "Ebakuntza egin zidaten, eta gogoan dut errekuperazioa nahiko gogorra izan zela".
Unibertsitate ikasketak hasi zituen urtean Arizmendirekin hasi zen futbolean, eta denboraldi erdira heldu aurretik belaun berbera apurtu zuen, bigarrengoz. "Baloia jaurti nuen, eta zangoa airean nuela, jo egin ninduen. Hanka lurrean jarri nuenean klaska hirukoitz bat entzun nuen. Banekien zer zen, eta burura etorri zitzaidan lehenengoarekin sufritutakoa". Ebakuntza hartan lotailu gurutzatua, meniskoa eta kartilagoa berreraiki zizkioten. "Errekuperazio hura lehena baino gogorragoa izan zen. Bilbon ikasten ari nintzen, eta autobusez fakultatera joan behar nuen, makuluekin. Sufrimendu latza izan zen".
Futboletik arraunera
Futbola utzi zuen eta, beste kirol modalitate batzuk probatu ostean, arraunean hasi zen. Belaunak ez du sufritzen kirol horrekin. "Mugikortasun osoa berreskuratu dut. Belauna tolesten dut eta erabat luzatzen dut, baina ez dut sentikortasun guztia berreskuratu. Min ematen dit, eta gogortu egiten zait askotan. Mimo handiagoz zaindu behar dut".
Maider Jorge (Bergara, 2001) berehala konturatu zen eskuineko belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuenean. Bera eta jokatzen ari zen futbol partida ikusten ari ziren guztiak. Belauneko kraskaren hotsa izugarria izan zen. "Neukan minarekin gurutzatua izango zela pentsatzen nuen. Baina espero nuen hori ez izatea. Futbolean jokatzen dugunok badakigu lesio hori sufritu dezakegula, baina iristen zaizun arte, ez duzu imajinatzen nola erreakzionatuko duzun. Gogorra izan zen, benetan".
Konfinamenduan
Jorgeren lesioa COVID- 19arekin batera heldu zen. Konfinamendua hasi aurreko asteburuan apurtu zuen lotailua. Orduko egoera hark ospitaleetan eragindako kaosaren ondorioz, ez zioten operaziorik egin lesionatu eta lau hilabetera arte. Era berean, meniskoak apurtuta zituela konturatu ziren ebakuntza- gelan. Hala, errekuperazioa askoz luzeagoa izan zen. "Lehenengo lau asteetan ezin izan nuen hanka lurrean ipini. Errekuperazio luzea izan zen, baina nik futbolean jokatzen jarraitu nahi nuen. Errekuperazio guztia berriro jokatu ahal izatera bideratuta egon zen".
2020-2021 denboraldiko azken partidurako %100 zegoen Jorge, eta berriro jantzi zituen botak. "Beldur apur batekin hasi nintzen. Oraindik ere, inkontzienteki, ezkerreko belauna babesten saiatzen naiz futbol zelaian nagoenean".