Edorta Esnal: "Orkatila blokeatzean, pisu osoa belaunak jasaten du"

Mireia Bikuña Madrid 2023ko aza. 21a, 14:35

Edorta Esnal (Donostia, 1973) traumatologo espezialista da artroskopiako eta kiroleko kirurgian (Edortaesnal.com).

Puntua aldizkariaren 388. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Zertan datza haustura hori?

Oro har, orkatila blokeatuta geratzen da mekanismoaren unean, eta, horren ondorioz, belaunak bere gain hartzen du gorputzaren pisua. Horri lotuta, mugimendu birakariak edo aurreko norabideko tibiaren translazioak egiten dira, eta horrek gehiegizko elongazioa eragiten du, eta, ondorioz, lotailuko zuntzak hautsi egiten dira. Kontuan hartu behar da aurreko lotailu gurutzatua belauneko egonkortzailea dela, eta haren erdian dago. Atzeko gurutzatuarekin batera, belaunaren atzeranzko eta aurreranzko mugimendua kontrolatzen du, eta barruko eta kanpoko errotazioa ere bai.

Nola jakin dezakegu hartu dugun kolpe horrekin lotailu gurutzatua hautsi dugula?

Kolpea edo bihurdura gertatzen denean, posible da klaska bat sentitzea eta, horren ondoren, belauna askatuta edo ezegonkor dagoela nabaritzea, hau da, belauna badoala eta lotuta ez dagoela sentitzea. Gainera, hasieran ohikoa da hantura handia eta belauneko isuria izatea.

Kirolari ez diren emakumeek ere hautsi dezakete gurutzatua?

Edozein emakumeri eta pertsonari eragin diezaiokeen zerbait da, baina, oro har, horrelako lesioak izateko arriskua areagotzen duten kirol-diziplinak daude. Besteak beste, kontaktu-kirolak, jauzi askoko diziplinak, abiadura lantzen dutenak...

Saihestu edo prebenitu daiteke?

Badaude faktore batzuk lesio mota hori izateko arriskua txikitzen laguntzen dutenak: atseden, nutrizio eta entrenamendu egokiak; giharren sendotasuna; egoera psikologikoa... Kanpoko beste faktore batzuek ere izan dezakete eragina. Adibidez, futbol zelaiaren edo kantxaren egoera onak eta jokatzeko oinetako egokiak erabiltzeak.

Ebakuntza-gelatik pasa behar da beti?

Garrantzitsuena belaunaren egonkortasuna ezagutzea da. Horrek markatuko du bidea. Pazientearen adina, egiten duen ariketa fisiko mota, lana... kontuan hartu beharreko faktoreak dira. Aztertu behar da pazientea bere belaunarekin seguru sentitzen den eta belaunak bizitza normala egiteko aukera ematen dion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak