Uxue Otxoa: "Halakoetan, buruak egin behar dio kasu gorputzari"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 21a, 14:35

Uxue Otxoa (Arrasate, 1990) kirol-psikologoa da. Errendimenduaren hobekuntzaren eremuan psikologia aplikatzen du, maila pertsonalean zein kolektiboan.

Puntua aldizkariaren 388. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lotailu gurutzatua apurtzea lesio larria eta gogorra da. Nolakoa izaten dute osteko errekuperazioa?

Lesioa larria izan edo ez, egoera horregatik bere kirol ibilbidea aldatu edo eten behar duenak dolu bat bizi behar du. Hasieran, haserre eta harridura bizipen emozionala kudeatu behar izaten da, ostean, tristurara egokitu ahal izateko. Tarte horretan, hausnartu eta etorkizuneko pausoak zeintzuk diren zehaztu behar dira. Hirugarren fase batean, sentimendu ezberdinek talka egiten dute. Norbera hobeto sentitzen da eta errekuperazioa azkartu gura izaten dugu. Egin behar ez ditugun gauzak egiten hasten gara inpultsiboki. Hala, errekuperazioan atzerapausoak gertatzen dira.

Zein da laugarren eta azken fasea?

Errekuperazio fasetik berriro lehiatzen hasteko fasera salto egiten dugu. Tarte horretan ez dago lesioa gogoraraziko digun min fisikorik, baina lan psikologikoa hasten da. Izan ere, kirolariak badaki lehiatzeko gertu egondako azken aldian lesionatu egin zela. Hortaz, normaltasunerako bidean, egokitzapen fase bat egin behar da.

Dolu prozesu bat izaten da orduan?

Edozein dolu-motaren fase berberak ditu. Kasu honetan, arlo fisikoari kasu eginez. Normalean gorputzak jarraitzen dio buruari, eta halako kasuetan buruak egin behar dio kasu gorputzari, bera delako min hartuta dagoena.

Kirolari guztiek erreakzionatzen dute berdin lesio horren aurrean?

Pertsona guztiak ezberdinak garen heinean, erreakzio guztiak dira ezberdinak. Baita bi lesio berdinen aurrean ere. Lehenengo fasea, hau da, haserrearena nola kudeatzen den, azkarrago edo motelago onartuko du zer datorkion aurretik. Pertsona batzuk trabatu egiten dira eta oso haserre bizi dute lesioaren prozesu osoa. Beste pertsona batzuk indartsuagoak dira psikologikoki, eta berehala hasten dira bere alde jartzen. Eta pentsatzen dute zer alderditan lagun dezaketen errekuperazio-prozesu luzean.

Eta nola errekuperatzen da arlo psikologikoa?

Ez da erraza. Hasieran, mina izaten da gure bidea gidatzen duena. Min horrekiko hipersentiberatasuna aktibatzen da. Bada, mina desagertzen denean ere, buruak gaitasuna dauka mindutako gorputz atal horrekiko arreta aktibatzeko. Adibidez, min hartutako belaunari begira egotea beti, edozein mugimenduren aurrean. Baita ohetik jaikitzeko orduan ere. Gorputzak zauritutako eremua babesteko joera du. Inkontzienteki beti egongo gara belaunari begira, ondo ote dagoen galdetuz. Baina, hori ondo kudeatzen jakiteko, landu egin behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak