ALBISTEAK

PPk irabazi duen arren, ez dago argi etorkizuna

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko uzt. 24a, 09:00

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ziren atzo, eta Alberto Nuñez Feijoo buru duen alderdi popularra izan da irabazlea, 136 diputatu izango baititu Kongresuan botoen %33 eskuratuta.

Halere, ez du aski Espainiako Gobernuko presidente izateko, VOXekin eta UPNrekin elkartuko balitz ez lukeelako gehiengo osoa izango. 176 eserleku behar dira horretarako, baina 170 izango lituzke, VOXek 33 ordezkari eskuratu baititu, aurrekoan baino hemeretzi gutxiago, eta, UPNk, bat. Baliteke Coalicion Canariak eskuratutako ordezkariak ere bat egitea, baina, dena den, 171 izango lirateke. Alabaina, Feijook adierazi du berak eskuratu dituela boto gehien, eta, beraz, berari dagokiola gidaritza hartzea; horregatik, elkarrizketei ekingo die.

2019ko hauteskundeetan baino 48 eserleku gehiago eskuratu ditu PPk, baina ez da botoetan zein eserlekuetan gora egin duen alderdi bakarra izan, sozialistek 122 ordezkari erdietsi baitituzte, orain dela lau urte baino bi gehiago, botoen %31 eskuratuta. Pedro Sanchezek, ordea, Espainiako Gobernuko presidente izateko, ezkerreko alderdien babesa beharko luke, eta Sumarrekin soilik ez luke lortuko. 31 diputatu lortu ditu, Unidas Podemosek 2019an baino lau gutxiago. Era horretan, 153 ordezkariren babesa izango luke, gehiengo osotik urrun.

Beraz, ikusteko dago zer egingo duten Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako indar abertzaleek. ERCk, EH Bilduk, EAJk eta BNGk Sanchez babestuko balute, 172 eserleku izango lituzkete, Junts alderdiaren babesa gogoan izan gabe, hor baitago giltza. Izan ere, zazpi diputatu lortu ditu, eta, Sanchezen presidentza babestuko balute, gehiengo osoa izango lukete; hala ere, esana dute ez dutela inoiz Sanchez presidente egingo ezerezen truke.

Hego Euskal Herriko datuak

Hego Euskal Herriko egoerari dagokionez, PSOE izan da alderdi bozkatuena, lau lurraldeak bateratuz gero. Guztira, zazpi diputatu izango ditu: Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik bina, eta, Arabatik, bakarra. Hain justu, Araban eta Nafarroan eskuratu ditu boto gehien, baina gertu du EH Bildu ere, sei ordezkari eskuratu baititu, aurrekoan baino bat gehiago.

Bizkaia izan da hori ahalbideratu duen lurraldea. EAJk eskuratu ditu boto gehienak, baina ez die eutsi hiru diputatuei, eta birekin gelditu behar izan da. EH Bilduk, beraz, bat gehiago eskuratu du, eta aurrerantzean bi ordezkari bizkaitar izango ditu Espainiako Kongresuan. Horrez gain, nabarmentzekoa da Sumarrek Bizkaian lortu duela Hego Euskal Herriko ordezkaritza bakarra. Orain dela lau urte, lau izan zituen.

Hego Euskal Herriko botoetan zein eserlekuetan, beraz, gora egin dute PSOEk, EH Bilduk eta PPk, eta Gipuzkoan, gainera, EH Bildu lehen indarra izatera igaro da udal eta foru hauteskundeetako joerari jarraituz, alderdi sozialista eta jeltzalea hurrenez hurren dituela. EAJren beherakada ere nabarmentzekoa baita lurralde honetan; botoen %22,6 eskuratu duen arren, zazpi puntuko apaltzea izan du. Edozelan ere, hiru alderdiek eskuratu dituzte bina diputatu.

Euskal taldeen hitza 

Hego Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko euskal talde politikoetako arduradunek lehen balorazioak egin dituzte. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, esate baterako, nabarmendu du "sekulakoa" dela egindakoa, eta ezker independentistak idatziko duela etorkizuna Euskal Herrian. Haren arabera, euren hitza betetzen dute alderdikideek, eta eurengatik bada, ez da PP eta VOXeko gobernurik izango Espainiako estatuan, hori delako euren "ardura politikoa eta historikoa".

Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak, berriz, balantze "ona" egin du emaitzen inguruan, helburu nagusia erdietsi dutelako: Madrilen euskal talde parlamentarioa bermatzea, bost eserleku lortuta. Azaldu duenez, horrek aukera emango du berriro ere euskal ahotsa izateko han, eta Espainiako Gorteetan "euskal interesak eta autogobernua sendo defendatzekoa".

Gaur-gaurkoz, ordea, ikusteko dago ea zer gertatuko den aurrerantzean; Pedro Sanchezek Espainiako Gobernuko presidente izateko aukera izango duen beharrezko babesa jasota ala hauteskundeak errepikatu beharko diren.

Erlazionatuak

Sanchezek irabazi egin du erronka

Eneko Azkarate Laspiur 2023 uzt 24 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak