Egoerak kaskarra izaten jarraitzen duen arren, Gipuzkoa mailan egiten diren txirrindularitza lasterketek bultzada bat jaso dute azken asteetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru poltsa bat jarri du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren eskura, klubei lasterketak antolatzen laguntzeko. Bultzada ekonomikoak, gehien bat, motor-zaleen aseguruak eta anbulantzien kostua finantzatzeko balioko du.
Orain dela sei hilabete hasi ziren eskaerekin, eta motor-zaleek martxoan egin zuten planto haien baldintzak hobetzeko aldarrikatuz. Lasterketa batean parte hartzen duten aktore guztien artean mahai bat sortzea eskatu zion Gipuzkoako Federazioak Foru Aldundiari, eta baietza jaso arren, mahaia eratzea asko kostatu dela dio Gipuzkoako Federazioko presidentea den Santi Osorok: "Orain eskatzen duguna da, eta luze joan dena da, mahai hori sortzea. Eman ziguten baiezkoa, baina denbora pasa da, eta iritsi gara puntu batera esan geniela horrela ezin genuela jarraitu. Tourrak duen zurrunbiloarekin presio pixka bat egin dugu, eta beraien partetik lortu dugu konpromiso hori sinatzea", azaldu du.
Aitor Atorrasagastirekin ere izan da Goiena. Aloña Mendiko txirrindularitza saileko presidentea, makina bat proba antolatutakoa da eta horrela mintzatu da lortu den akordioari buruz: "Lortu da diru poltsa bat, oraingoz txikia dena, baina lortu da akordio bat sinatzea, hurrengo denboraldia hasi baino lehen denok mahai gainean jarri eta behar den moduko zenbakietaz hitz egiteko", nabarmendu du.
Gatazka honek eraginda, Gipuzkoan hainbat lasterketa gelditu dira bertan behera aurten: "Afizionatu mailako Espainiako proba onenetariko bat den SantiKutz proba gelditu zen bertan behera, eta baita ere Urrakiko Igoera. Probak jausten ari dira eta gehiago jausten joango dira", aitortu du Atorrasagastik. Gauzak honela, egoera zerbait arindu arren, Gipuzkoako txirrindularitza lasterketak hari fin batetik zintzilik daude.