Ofiziala da, oraingoz bertan behera utzi dituzte Gipuzkoako federazioak antolatzen dituen lasterketak. Horrenbestez, zapatuan ez dute Beasainen kadete mailako Usurbeko proba egingo, ezta domekan junior mailako Eibarko Udaberri saria ere. Eta, konponbiderik aurkitu ezean egutegi osoa dago kolokan. Debagoienean, esaterako, kadete, gazte maila eta amateur mailako dozena bat lasterketari eragingo zion honek. Eta tartean daude amateur mailako Antzuola saria, Gorlako Igoera, Dorletako Ama Saria, Aretxabaletako Andramari jaietako lasterketa edota Oñati Saria. Edota, ekainean Bergaran eta Oñatin egin behar zituzten emakumezkoen lasterketak.
Motor-zaleak haserre
Lasterketetan laguntzen ibiltzen diren motor-zaleek bolondreski egiten dute lan, nahiz eta diru-sarrera bat jasotzen duten, besteak beste, motoaren gastuei aurre egiteko. Iaz, baina, errepidean izan zituzten istripu batzuek erakutsi zuten badituztela gabezia batzuk, tartean, istripuaren ondorioz motoak jasaten dituen kalteak motor-zaleak berak bere gain hartu behar dituela. Eta ez daude horrekin ados. Hala, lasterketetan Ertzaintzak motor-zaleak eskatzen baditu, euren figura lanpostu moduan jasotzea eskatzen dute, motoa bera ere lan-erreminta moduan aseguratu ahal izateko. Alegia, lana baldintza egokietan egiteko. Baina, lasterketetako motor-zaleen figura ez da lanbide moduan existitzen, eta hortik sortu dira arazoak.
Gipuzkoako federazioaren oharra
Lasterketetako segurtasuna bermatzeko lanean ibiltzen diren motor-zaleen protesta dela-eta, Gipuzkoako txirrindularitza federazioak honako oharra helarazi du:
"GTxF beraien lasterketetan laguntzaile lanak egiten dituzten motolotura kideekin adierazi nahi du Gipuzkoako txirrindulari lasterketetan jasan ditugun segurtasun arazoen aurrean, ondokoa:
- Gipuzkoako Ertzaintzaren Trafiko sailak kide gutxi ditu Gipuzkoako Txirrindulari lasterketei aurre egiteko.
- Honek derrigorrezkoa egiten du moto loturako kideak izan beharra txirrindulari lasterketen segurtasuna osatu dezaten.
- Moto lotura kide hauek bolondres egin izan dute ikaragarrizko lana txirrindulari probetan, baino arazo batzuk jasan izan dituzte eta hauen aurrean eskaera batzu egin dituzte. Eskaera hauek laburbildu daitezke beraiek fisikoki aseguratuta egotea eta baita motoak osotasunean ere, lan erramintak, motorrak, jasan ditzakeen matxurak aseguratuta izatea, eta baita ere beraien erropa, kasu honetan segurtasun erropa dena. Jakin arazi nahi da moto lotura ez dagoela lan jarduera moduan onartuta, ez inongo kirol araudietan eta ezta Euskal Kirol Legean ere ez, eta ezinbestekoa da hori. Horregatik, hauek ondo egotea ez da erreza, baino ez dugu gure helburuan etsiko, horregatik egon daitezkeen aukera guztiak bilatzen ari gara gure behar hori estaltzeko. Gutxieneko segurtasun baldintza horiek bermatzeko ezintasun hori ikusita, moto lotura taldeek egoera konpondu arteko geldialdi bat egitea erabaki dute. GTXFk eskaera hauek zentzuzkoak ikusten dituenez eta helburua gure kasa lortzerik izan ez dugunez Erakunde Publikoei laguntza eskatu diegu arazo honi irtenbide bat emateko. Bitartean, Gipuzkoako Errepideko lasterketak bertan behera geratzen dira antolatzaileek gutxieneko segurtasun hori lortzen ez duten bitartean. Ez dugu ahaztu behar ezta ere FrantziakoTourrean ikustea izango dugun txirrindulari profesional horietako asko txirrindulari eskoletan hasi zirela, kadete, junior eta 23 urte azpiko lasterketetan. Hau da, orain antolatzeko zailtasunak ditugun horietan".