Erlojupeko proba Bergarako San Martzialerako igoera izango da, eta ziklistek 1,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Lineako probak Oñatin izango ditu irteera eta helmuga. Kadete mailako ziklistek 32 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta gazte mailakoek 42 kilometrokoa.
Bi mailatan, Ulmaren egoitza nagusitik irtengo dira, Bergara aldera hartzeko. Ostean, Oñatira itzuliko dira, Enpresagintza aurrean egongo den helmugan bukatzeko.
Proba hori puntuagarria izango da Emakumezkoen Euskaldun Txapelketarako, eta guztira, 120 bat txirrindulari espero dituzte.
Erakundeen babesarekin
Ulmaren auditorioan egindako aurkezpenean egon dira Ulmako presidente orde Oier Araiztegi; Oñatiko alkatea Izaro Elorza; Bergarako alkate Gorka Artola; Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Santi Osoro; eta emakumezkoen kirol teknikari eta txirrindulari ohi Ainhoa Ostolaza.
Era berean, ekitaldian egon dira, kadete mailako Igamo Packaging taldeko ziklistak: Maddi Oleaga Garcia, Izar Ezkibel Bastida; Izaro Agirre Zoilo eta Arantxa Anduaga Santos.