Puntua aldizkariaren 369.alean argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Maiatzean bete dira 50 urte Fronte Polisarioa jaio zela, Mendebaldeko Saharako Nazio Askapen Mugimendua. Espainiaren kontra egiteko sortu zen, baina Marokori eman zion lurralde hori Espainiak eta 1975eko azaroan marokoarrak sartu ziren, sahararren gainetik jarriz. Saharar askok uren herriak utzi eta toki berri baten bila atera ziren orduan etxeetatik. Tindufen, Aljerian, eraiki zituzten bizitzeko kanpalekuak. Lurralde okupatuetan geratu ziren eta Tindufera heldu ziren familiarteko asko ez dira berriz elkartu harrezkero. Fronte Polisarioa eta Maroko higatze-gerra batean ari dira orain dela bi urte pasa 1991n adostutako su-etena hautsi zenetik. Rabaten eta Fronte Polisarioaren arteko azken elkarrizketak 2008an izan ziren. Ordutik, Polisarioak areagotu egin du Marokoren kontrako borroka armatua, Espainiako Gobernuak iaz jakinarazi zuen Rabaten autonomia-plana sostengatzen duela eta Fronte Polisarioak berriki egindako Kongresuan Brahim Gali izendatu dute idazkari nagusi, hirugarrenez.
Maroko, presentzia indartzen
Gabonetan izan da Mendebaldeko Saharan Garazi Hach Embarek, Sahararren eskubideen aldeko ekintzailea, eta marokoarren presentzia "inoiz baino handiagoa" dela esan du, bai bandera aldetik, armada aldetik, jendea... "Eta nabaria da Maroko finkatzen ari dela, gero eta inbertsio gehiago ari da egiten. Afrika beltzeko jende asko ere ikusi dut, eta horrek esan gura du Maroko immigrazioari tokia egiten ari zaiola lan gogorretarako, kolonialismoaren parte moduan. Gerrak jarraitzen du, ez da eten. Aaiungo kaleetan armada gehiago ikusten da, tankeak ere bai pasatzen; gehiago zaintzen dituzte gatazkatsuak izan daitezkeen guneak. Baina politikatik at mantentzen bazara, zure bizitzak aurrera jarrai dezake".
Hango egoera zein den ahaztu barik bizi da egun Oñatin Fatimetu Hamma Alamine (Mahbes, 1990)n eta ahalik eta laguntza handiena bidaltzen saiatzen da. "Etxeko inor ez da kanpalekuetan bizi egun, baina badakit egoera zailean bizi direla, eta hango lagunen bitartez behar dutena bidaltzeko ahaleginak egiten ditugu, Hermansoloña elkartekoen laguntzarekin. 2016an hasi ginen. Umeendako eskolarako materiala, arropak... Azkenaldian, baina, laguntza ekonomikoa bidaltzen diegu; azken diru kantitatea, esaterako, ura biltzeko zisterna batzuk erosteko zen".
Laida Bengoa: "Behar dute, eta oso erraz egiten den zerbait da"
Aurtengo udan bigarrenez ekarriko du ume saharar bat Laida Bengoak (Oñati, 1988): Amal, 8 urteko neskatila.
Zergatik erabaki zenuen udarako ume saharar bat ekartzea?
Nire burua gogoz eta gai ikusten nuen, batetik; eta, bestetik, uste dudalako aukera bat eskaintzea dela aukera gutxi dituen haur bati. Haien egoera gogorra da kanpamentuetan eta ez dute beste errealitaterik ezagutu. Udan are gehiago gogortzen da egunerokotasuna. Tenperaturak oso altuak dira, eskolak eteten dituzte... Uste dut eskertzen dutela hona etorri, beste errealitate bat ezagutu eta bizipen polit bat bizitzeko aukera eskaintzea. Ezin da ahaztu zeren ondorio den egoera hau. Baina oso momentu eta harreman intentso eta politak bizitzen dira. Esperientzia ona izan da.
Izan duzu harremanik harekin urtean zehar?
Internet apur bat badute, eta Whatsapp bidez komunikatzen gara. Argazkiak, bideoak, audioak... Gonbidatu naute joatera, baina Xua, nire umea, oraindik txiki samarra ikusten dut hara joateko.
Zergatik animatu zenuke jendea berdina egiteko?
Behar dutelako eta erraz egiten den zerbait delako. Zalantzak edo beldurrak izatea normala da, baina, animatuz gero, merezi du.
Hemen bizimodua egonkortzen
Duela hamar urte, 2013an, iritsi zen Fatimetu Oñatira, haren lehengusu bati herriaren izena entzunda. "Autobusa herrian sartzearekin bat konturatu nintzen hemen bizi gura nuela, ikaragarri gustatu zitzaidan. Eta oso ondo bizi gara. Senarrak ez du inoiz lan finkorik izan, baina lanik egin barik ere ez du denbora askorik pasa. 2018a ezkero Larrañako harrera etxean egiten du lan. Nik ere egin nuen lan integrazio elkarte batean, baina umeen zaintzagatik utzi nuen. Lau seme-alaba ditugu, urtebete du gazteenak, eta hura pixka bat koskortzen denean badut lanean hasteko asmoa". Dio gaur egun hogei bat familia saharar bizi direla Oñatin eta gehienek Alokabide programaren bitartez topatu dutela etxebizitza. "Oso ondo hartu gaituzte herrian. Inork ez du inolako arazorik izan. Umeak ere pozik joaten dira eskolara, beste umeekin batera jolasten dira. Oso gustura bizi gara hemen".
Aretxabaletan bizi den Saleh Salek-ek dio, bestalde, urrian hasiko den ikasturtean hainbat proiektu egingo dituztela. "Ikusarazi gura dugu gure komunitatea, eta geure herriaren eta hemen bizi garenon berri eman. Bestalde, arabierako eskolak emateko modua ere aurkitu gura dugu, hemen jaiotakoek familiaren ama-hizkuntza ikasi dezaten. Eskola horiek ez dira guretako bakarrik izango, noski, baita marokoarrendako edo aljeriarrendako ere, etxeko hizkuntza arabiera den edozeinendako. Saiatuko gara Arrasaten gauzatzen ideia hori, eta gero zabalduko dugu, beharra ikusiz gero. Horrez gain, elkarteak ere sortu gura ditugu; esaterako, hango umeak uda pasatzera hona ekartzen lagunduko dutenak".
Gaur egun ez dago horrelako talderik bailaran. Oporrak Bakean egitasmoaren barruan, kanpalekuetako hainbat umek pasa dituzte udak gure bailaran, hemengo familien etxeetan ostatu hartuta. COVIDa dela-eta bi urtez etenda egon da programa, eta iaz heldu zioten berriz; 2014an jaiotako haurrak etorri ziren. Egun, baina, ez dago Debagoieneko elkarterik hor sartuta. Aurten oñatiar taldetxo batek hartu du hori kudeatzeko ardura. Bost ume etorriko dira Oñatira eta bat Bergarara. "Etxeetara datozen haur guztiak osasuntsuak diren arren, hemen egiten dituzten osasun azterketak oso ondo etortzen zaizkie. Elikadura aldetik ere badituzte beharrak. Aldi berean, familia, maitasun, izaera... aldetik oso ase eta bete dauden umeak direla uste dut. Bai, behintzat, gurera etorri zen Amal. Hemen izugarri gozatzen dute. Emozioz beteta eta poz-pozik itzultzea da, niretzat, behintzat, helburua", dio Laida Bengoa oñatiarrak.