15 urte zituen Ardik Fronte Polisariora batu zenean. Orduantxe ari zen Fronte Polisarioa sortzen, eta han zen hura, fronteko egungo idazkari Brahim Gali bezala. Ez ditu ahaztu orduko mugimenduak. "Espainiaren aurka egiteko sortu zen Fronte Polisarioa. Mendebaldeko Sahara espainiarra zen oraindik, eta Francoren kontra egiteko sortu zen, Marokori ez saltzeko. Mugimendua sortu zenean jende asko gerturatu zen, kuriositatez bada ere, zer zen ikustera. Gure etxean ez nintzen bakarra izan mugimenduan sartzen; anaiak ere sartu ziren. Hiru aldiz zauritu naute, gorputzeko hiru ataletan. Eskuineko sorbalda barruan metraila dut sartuta oraindik".
Refa Bibih Sidahemedek, berriz, Marokok Sahara hartu zueneko gaua du buruan, 1975eko azaroan. "Ez dut oraindik ahaztu. Bat-batean, argi gabe zegoen Aaiun osoa. Iluntzeko seietatik goizeko zazpiak arte argi gabe eta etxetik ateratzeko baimenik gabe egon ginen; ezin ginen barrutik atera. Hurrengo egunetan Espainiako bandera guztiak kentzen eta marokoarrak jartzen ibili ziren, eta kale guztiak zeuden soldadu marokoarrez beteta. Txikia zen semea orduan, eta hura eta beste gauza gutxi hartu eta atera egin ginen etxetik. Gu bezala, beste familia asko. Fronte Polisarioak jendea hartzeko guneak prestatuta zituen ordurako, baina ez genekien non zeuden, eta jendeak ez zekien hogei kilometro edo 80 egin behar zituen oinez haietako batera heltzeko. Ikaragarria izan zen".
Armak eta herria
Biek ala biek dute gogoan nolakoa izan zen oraindik irauten duen egoeraren hasiera eta lan banaketa. Fronte Polisarioa gizonezkoek osatzen zutela diote, haiek antolatzen zutela mugimendu hura, eurek hartu zutela haren gidaritza; eta, aldiz,
emakumeek, "eguneroko bizimodurako behar den guztia: eskolak, janaria izateko sarea, umeen zaintza... Gizonek denbora asko egiten zuten askotan etxetik kanpo, gerran, eta herria bera emakumeek altxa zuten".