Saleh Salek eta Iauguiha Hammad: "Ez dugu bertakotzeko arazorik izan"

Oihana Elortza Gorostiza 2023ko eka. 8a, 14:30

Familiako hiru kideak euren etxeko egongelan.

Aretxabaletan bizi dira Saleh Salek (Aaiun, Sahara, 1974), emazte Iauguiha Hammad (Tinduf, Aljeria) eta euren seme Mahfud Saleh Zein (Aretxabaleta, 2018). Bizitzeko herri atsegina dela diote, lasaia; izan ere, ez dute bertakotzeko arazorik izan, eta gustura bizi dira.

Kuban egin zituen lehen mailako ikasketak Salekek, eta beka baten bitartez Malagan (Espainia) bigarren mailako kurtso bat. "Herri aliatua da Kuba, harreman oso handia dugu, eta ohikoa da Saharatik hara joatea ikasketak egitera. Hango Medikuntza ikasketak homologatuta daude edozein herrialdetan profesional moduan jarduteko, eta mediku sahararrak badira toki askotan. Emaztearen lehengusinak, esaterako, Debagoieneko Ospitalean egiten du lan".

Malagan egonaldi bat egin ondoren, berriro bueltatu zen kanpalekuetara, Oxfam elkartearen bitartez, lanera. 2015ean heldu zen Debagoienera, eta hemen bizi da harrezkero. "Etxebizitza babestu asko egin dituzte hemen, eta ez dugu arazo handirik izaten etxea topatzeko. Bestalde, egoera ekonomikoak, krisiak, zaildu egin du, orokorrean, lana topatzeko aukera, baina aurkitzen dugu. Emakumeendako, agian, zailagoa da. Zaintza lanetarako, esaterako, bertan egiten den hizkuntza duen norbait gura izaten dute familiek, eta latinoek abantaila dute horretan. Ulertzen dut. Hala ere, oso komunitate solidarioa gara. Ez duzu kalean bizi edo kalean eskean ibiltzen den sahararrik ikusiko. Beharra duenari lagundu egiten diogu, gure etxeko ateak ireki. Aurretik ezagutzen ez zenuen saharar bat hainbat hilabetez edo urtez norbere etxean bizitzea gertatzen da".

Harremana galdu barik

Hemen bizi arren, harreman zuzena du familiak kanpamentuko lagunekin, egoerarekin. Abenduan eta urtarrilean han izan zen Salek. "Gerrak jarraitzen du, ez da eten. Aldatzen direnak estrategiak dira, baina gerrak jarraitzen du, bai". Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Marokoko erregeari idatzitako gutunari buruz, neurri batean Sanchezi "eskerrak" ematen dizkiola dio Salekek. "Guk bagenekien sozialistak nolakoak diren, eta gutun hori agertu denean denok ikusi dute nolakoak diren. Herrialde neutral moduan jokatu gura izan du Espainiak, baina orain ikusi da benetan nola jardun duen. Aurrera begira, Espainiak ezingo du orain arte moduan jokatu, Marokok posizionamendu hori eskatuko dio".

Saharar herrialdearen errealitatea ezagutzera emateko Debagoieneko komunitatea indartzeko, batzeko, asmoa dutela aurreratu du Salekek. Gai hori izan dute Arrasaten egindako azken bileretan. Egin berri diren udal hauteskundeetako emaitzak lagungarriak izango zaizkiela uste du hark.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak