Astebururako bi antzerki proposamen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mai. 19a, 13:24

Astebururako bi antzerki proposamen egin dituzte Arrasate Irratiko Igo autobusera! saioko elkarrizketaren geltokian: Bob Pop madrildar komiko eta kritikariak bihar, zapatua, Amaia antzokian  eskainiko duen Los días ajenos de Bob bakarrizketa umoretsua batetik, eta, bestetik, Teatro Pezkao taldeak asteburuan Bergarako eta Antzuolako egingo dituzten emanaldiak eta inprobisazio-tailerra.

Urteetako harremana du Zaragozako Teatro Pezkao taldeak Bergarako gaztetxearekin; horren erakusle da asteburuan –aurten zortzigarrenez– egingo duten antzerki-asteburua. "Sintonia ona eta laguntasuna sortu da gure artean. Elkarlanean sortutako ekimena, eta, oraingoan, Antzuolako gaztetxearekin batera egingo dugu", dio kartzela zaharrean dagoen Angiolilllo liburutegiko Aser Polvorosak.

Bi antzezlan eskainiko dituzte

Ohi duten moduan, Zaragozako konpainiak antzezlan bat baino gehiago prestatu ditu Debagoienean eskaintzeko. Somos los payasos izenekoa eskainiko dute gaur, egubakoitza, 22:30ean, Bergarako gaztetxean; sarrerak leihatilan izango dira, sei eurotan. "Inprobisazio ikuskizuna da eta publikoak erabakiko du antzezlaneko protagonistak nora doazen eta zer aurkituko duten. Leku jakin batean hasiko gara eta denboran eta espazioan mugituko gara gero, ager daitezkeen aukera eta pertsonaiekin. Animazio pailazoei egindako omenaldia da lan hori".

Komedia eta umore beltza generoak batzen dituzte, berriz, bihar Antzuolako gaztetxean 22:30ean eskainiko duten De ratas y canguros izenekoan. "Eszena komikoen aukeraketa arduratsua eskaintzen digute ezaugarri duten estiloan. Giza izaeraren miseriei aurre egiten dieten pertsonaiak dira lan horretan protagonista; besteak beste, boxeolari ez oso prestatuak, elkar topatzen duten lagunak, organo trafikatzailea eta apokalipsi-zonbi bat. Sarrerak egunean bertan sei eurotan izango dira eskuragarri Antzuolako gaztetxeko leihatilan".

Inprobisazio-tailerra bihar, zapatua

Antzerkigintzan "asko erabiltzen den" harold teknikari buruzko ikastaroa izango da bihar, 10:00etatik 14:00etara, Bergarako gaztetxean. "70eko hamarkadan Chicagon sortu zuten metodoa da; komikoentzako, erreferentziazkoa. Ikastaro dinamikoa, dibertigarria eta sortzailea izango da eta ondo pasatzea da helburu nagusia. Esketxak egiteko teknikak ere jorratuko ditugu. Hamabost euro da, eta ez dago aldez aurretik izenik eman beharrik".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak