Late motiv telebista saioan egin zen publikoaren artean ezagun, Bob Pop izenez, Roberto Enriquez artista polifazetikoa. Urtebete darama antzokiz antzoki Los días ajenos de Bob Pop bakarrizketa aurkezten. Hura da obraren sortzaile eta protagonista, eta egunkari batzuetan idatziriko hausnarketetan oinarritzen du kontaketa.
Erreferentzia moduan erabili ditu Kafkaren eta Tolstoiren egunerokoak, baina, funtsean, haren bizitzako pasarte garrantzitsuak kontatzen ditu: "Steven Carringtonek marika delako hain gaizki pasatzen badu, arioa, ilehoria eta aberatsa izanda, zer gertatuko zait niri, langile klasekoa banaiz?", azaltzen du bakarrizketaren hasieran. "Marika kontraesankorra" dela uste baitu, maitemintzen denenean "mamuta ehizatzera doan barruko arra" pizten zaiolako.
Bistan denez, modu intimo eta lotsagabean zuzentzen zaio publikoari, bidaia emozional bat proposatuta. Kritikak sarri txalotu izan du haren diskurtso fresko eta askea, "sofistikatua bezain txoroa".
GAI AKTUALAK ETA PERTSONALAK IZANGO DITU HIZPIDE BOB POP KOMIKOAK, UMOREA 'ARMATZAT' DUELA
Gizatasuna dario
Ordubete eta hamar minutuko saioan ahoan bilorik gabe xehatzen ditu gai aktualak eta pertsonalak, berdin baitzaio monarkiari buruz edo bere senarrari buruz hitz egitea. Izan ere, haren bizitzako maitasunak hizpide izaten dituenean, Bobek samurtasun handiz errepasatzea lortzen du haren harreman guztiak; bereziki, bikotekideari buruz hitz egiterakoan. Itxuraz kaotikoa iruditu dakioke entzuleari bakarrizketa, baina ondo kontrolatuta dauzka denborak eta gaien arteko loturak. Askotariko kontuak primeran nahasteko abilezia baitauka, komunikatzaile apartek soilik egiten duten bezala. Gainera, fantasiari ere tokia egitera ausartzen da, "gaur egungo gizarteak benetakotasunik ez duela kontuan hartuta, egiak makillatzea ez baitago sobera". Ikuspuntu berezi horrek "gizateriarekiko fedea apur bat berreskuratzea" eragiten duela baieztatzen du.
Borrokalari peto-petoa
Duela lau urte, esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Bob Popi. Ez zuen zalantzarik izan Late motiv saioan gaixotasun hori pairatzen zuela aitortzeko. 2021ean, LGBTI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Espainiako Berdintasun Ministerioak Ostadar Aitorpena eman zion, komunikazioaren munduan LGTBI kolektiboari ikusgarritasuna emateagatik.