Debagoieneko 16 korrikalarik hartuko dute parte, zerrendaren arabera, aurtengo Zegama-Aizkorri mendi lasterketan. Ainara Uribarrik, esaterako, lehendabiziko aldiz. Nazioarteko Golden Trail lasterketan parte hartzeak eman dio dortsala. Prest dago lasterketarako eta ondo bukatzea du helburu. Beste asko moduan, eguraldiari begira dago Uribarri. Badaki iragarpena txarra dela baina bero egitea ere ez luke gura berak, eta hor euskaldunek, agian, abantaila pixka bat izango dutelakoan dago. Hala ere, badaki eremu oso arriskutsuak egon daitezkeela, bestela ere erraz irristatzen diren lekuak badaudelako, jendearen joan-etorriak harria gastatu duen tokiak, esaterako.
Ainara Uribarriri ez ezik, beste debagoiendar hauei egokitu zaie aurtengo Zegama-Aizkorrirako dortsal bana: Urbiarrirekin batera Oñatiko Aitor Otamendi, Pablon Arejolaleiba, Xabi Lete –lesionatuta dago eta azkenean ez du parte hartuko– eta Unai Biain; Arrasateko Aritz Kortabarria, Isidor Caballero, Iker Agirreurreta eta Danel Ramirez; Bergarako Eugenio Beldarrain, Ander Uriarte eta Enekoitz Gabilondo; Igor Olalde aretxabaletarra eta Oihana Kortazar elgetarra. Baliteke zerrendan dauden guztiek ez egitea Zegama-Aizkorri lasterketa, lesioengatik edo bestelako konpromisoengatik; Zerrenda izen-emate orri ofizialetik ateratakoa da.
Kilometro bertikalean eta gazteen lasterketan ere bai
Domekako mendi maratoian ez ezik, kilometro bertikala eta junior-trail lasterketa egingo dutenen artean ere egongo dira debagoiendarrak.
Egubakoitzean, 16:00etan, egingo den kilometro bertikalean, adibidez, debagoiendar hauen izenak ageri dira zerrendan: Garazi Abasolo (Aretxabaleta), Maite Zabaleta (Aretxabaleta), Iñigo Alzola (Arrasate), Iñaki Hormaetxe (Arrasate), Xabier Lazkano (Bergara), Eleder Lozano (Elgeta), Jon Maiztegi (Bergara), Joseba Molinero (Oñati) eta Aritz Unamuno (Bergara).
Junior-trail egiteko asmotan direnak, berriz, bi, biak elgetarrak: Urko Lozano eta Pablo Egizabal.