Lasterketa ikustera joaten den jendeak egiten du, hein handi batean, berezia Zegama Aizkorri mendi maratoia eta Oñatiko Udalak ohi baino baliabide gehiago jarriko ditu aurten ikustera doazenendako. Hala, autokarabana gune bana egokituko ditu hilerri ondoko eta Autland enpresa pareko aparkalekuetan. Arantzazun bertan, ibilgailu horiendako egokituta dauden hiru aparkaleku horietan bakarrik aparkatu ahal izango dute bost metro baino luzeagoak diren ibilgailuak eta itxi egingo dute sarbidea horiek betetzean. Oñatitik Arantzazurako errepidea zapatu gauean itxiko du Ertzaintzak.
Bestalde, domekan, sei autobus handi ibiliko dira Oñati eta Arantzazu arteko zerbitzua ematen 10-15 minuturo, 07:00etatik 11:00etara bitartean. Arantzazu Ama kaleko Elkar Hezi ikastetxe aurreko geltokitik abiatuko dira denak; hori izango da geltoki bakarra (Udalak kartelak jarriko ditu ohiko autobus geltokietan horren berri emateko). Arantzazutik bueltatzeko azken autobusa 19:00etan izango da. Horrez gain, zapatuan ere autobus handi bat egongo da, orduro, Oñatitik Arantzazura joateko. Egun bietako autobus zerbituzak doakoak izango dira.
Elkarlanean
Zegamako eta Oñatiko eta mendi lasterketako antolakuntza taldearen arteko elkarlana izan da zerbitzu hauek indartzearena. Zegama ere txiki gelditzen ei da ikusleak hartzeko eta Oñati aldetik ere joan daitekeela ikusita, herri bietan zerbitzuak jartzearen alde egin dute –Zegama Aizkorriko webgunean badator Oñatiko zerbitzuen berri–. Horrela, aurreko urteetako autobus zerbitzua indartu –2.800 euroko aurrekontua– du Udalak eta beste bi gune gorde autokarabanendako. Turismo ikuspegitik honek herriari eman ahal diona aztertu egingo dute.