Eskutik eskura doan herri kirola

Hasier Larrea 2023ko api. 28a, 10:13

Bergarako San Martzial auzoko jaietan hiru-txirlotan jokatzen, iaz.

Bola-jokoen artean, hiru txirlo modalitatea da Debagoienean ezagunena. Ia desagertzear egotetik indarra hartzera pasa da azken urteotan, txapelketetako antolatzaile eta jokalariak jende berria erakartzeko gai izan direlako. Hiru txirloak, gainera, baditu kirol berezi egiten dituen hainbat faktore, ondoko lerroetan azalduak.

Oso antzinako ohitura da bolotan jokatzea. Pentsa, bola-jokoaren lehen aztarnak duela 5.000 urte baino gehiago hil zen egiptoar haur baten hilobian aurkitu zituzten: bederatzi harri luzexka eta bola biribil bat, zehazki. Jakina da, baita ere, erromatarrek jokatzen zutela bolotan. Gurean, jokoa debekatzearekin lotutako dokumentuek aitortzen dute gutxienez ze urtetakoa den ohitura. Uribarri Ganboako Udalak, esaterako 1632an debekatu zuen bola-jokoan aritzea, eta Lekeitioko Udalak 1571n. "Baina ez dago antzinako dokumenturik, oraingoz, hemen inguruan bola- jokoak duen jatorria zehazten duenik; bagabiltza lehengo bolarien testigantzak jasotzen, gure iragana eguneratzeko asmoz. Ziurtzat jo daiteke, esaterako, eliza eta ermita inguruetan jokatzen hasi zirela, iraganean bertan egiten zirelako festak; urrutira joan gabe, gaur egun zenbait bolatoki ermiten aterpeetan daude". Mikel Urkiaren hitzak dira, Euskal Herriko hiru txirlo bola-joko modalitateko presidentearenak.

Indarra hartzen ari den aldaera

Haren esanetan, bola-jokoa herri kirola da, balio kultural handikoa, "modalitate asko, hiru txirloa moduan, hemen bakarrik jokatzen direlako". Herri kirolen artean bola-jokoak badu berezitasun bat, gainera: ez daukala ez itsasoarekin eta ezta nekazaritzarekin lotura zuzenik, arraunak, aizkora probak, sokatirak, sega-jokoak eta harri-jasotzeak daukaten moduan.

Salbadorko bolatokian, Elgetan, eginiko Gipuzkoako txapelkako jardunaldiko une bat, iaz baita ere.

Ezaugarri bereizgarriekin jarraituta, hogeitik gora modu desberdin daude Euskal Herrian bolotan jokatzeko, tokian tokiko bilakaerek ahalbidetuta. Gaur egun, hamahiru modalitatetan federatzeko aukera dago txapelketetan lehiatu ahal izateko. Eta Debagoienean eta inguruetan hiru txirloa da indar handien daukana, Urkiak azaldu duenez: "Deba eta Lea ibaien arteko herrietan hiru txirlotan jokatzeko ohitura mantendu izan delako, gehienbat, orain indarra hartzen ari delako eta aipatu dudan esparru geografikotik kanpo bultzada ematen saiatzen ari garelako".

Guztira, hamar taldetan banatutako 202 federatu daude; %10, emakumezkoak

Izan ere, adineko jendeak Urkiari aitortu izan diona aintzat hartuta, "euren kirola izan dena gutxitzen joan dela ikusi dute, eta orain poztu egiten dira berreskuratzen ari garela frogatzerakoan". Horren erakusle da, gaur-gaurkoz, hamar taldetan banatutako 202 federatu dauzkala hiru txirlo modalitateak. Debagoienean, San Joxepe taldea (Bergara), Elgeta taldea eta UDA taldea (Aretxabaleta) dabiltza parte hartzen Gipuzkoako Txapelketan. Azken horretako kideak dira Jesus Mari eta Jose Luis Gorosabel lehengusuak. Udala taldearen sortzaileak ere izan ziren, eta, gogoan dutenez, txikitan Debagoieneko 30 bolatokitan jokatutakoak dira: "Auzo askotan zeuden, eta Aretxabaletan, esaterako, hiruzpalautan ibiltzen ginen; Portasolen, adibidez". Gaur egun eraitsita dauden bolatoki gehienak "zailagoak" ziren, "bola indar handiz bota behar zelako".

Garai batean, 30 bolatoki zeuden bailaran; gaur egun, dozena bat inguru daude egoera onean

Arrazoi horregatik uste dute "lehen gizonak bakarrik" ibiltzen zirela. Orain, ordea, oso bestelakoa da egoera. "Hiru txirloko federatuen %10 inguru emakumeak dira, eta eskola kirolaren bitartez bagabiltza haurren artean ere afizioa sortu nahian", azaldu du Urkiak.

Aretxabaletako Kurtzebarri eskolan dagoen bolatokian sarri ibiltzen dira neska-mutilak jo eta su patio-orduetan. Kepa Urrak, bailaran hiru txirloa sustatzeko lan handia egiten ari den UDAko bola-jokalariak, badu horretan zerikusirik: "Astero ibiltzen naiz neska- mutilekin, eta gustura ikusten ditut; Inauterietan, esaterako, txapelketatxo bat egin genuen, gozoki batzuk eramanda".

Torneoetarako guneak

Egun seinalatu horietan helduentzako torneoa ere antolatu zuten Aretxabaletako bolatokian, apustu txikiak egin, giro polita sortu eta sariak irabazteko aitzakian. Baina txapelketa ofizialetarako ere gertu dute gunea, Udalak emandako laguntzen eta bola-jokalarien inplikazioagatik. Izan ere, edozein bolatokitan ezin dira Federazioaren baitako lehiak antolatu. "Ezinbesteko baldintza da bolatokia estalita egotea, euria egiten badu buztinezko lurra lokaztu egiten delako. Neurriek ere garrantzia dute: jaurtiketa egiten den eremuko oholak bi metrokoa izan behar du; hortik lehen txirlora 17 metroko distantzia minimoa, eta txirloen artean metro bateko diferentzia. Beraz, bolatoki batek, gutxienez, 21 metroko luzera izan behar du", azaldu du Urkiak.

Bola, hiru txirloaren ikur nagusia

Baina hiru txirlo modalitatearen bereizgarria bola da. Beste aldaerekin konparatuta, txirloak botatzeko jaurtigaia ez da guztiz esferikoa, irregularra da, eta, arrazoi horregatik, ez da heldulekuaren zulotik eutsita jaurtitzen: "Eskumako eskuarekin hartu eta zuloa ezkerrera begira jartzen dugu. Hala, efektua ematen diogu, eskumako aldean pisu handiagoa daukalako. Pistan zuzen mantentzeko modu bakarra da; zulotik eutsita botako bagenu, bola boteak ematen joango litzateke", dio Urkiak. Bitxikeria horri gehitu behar zaio pertsona batek bakarrik egiten dituela hiru txirlotan jokatzeko bolak: "Haren izena Antonio Ibarluzea Lauzirika da, 89 urteko markina-xemeindarra, jokalari fina izandakoa. Arte- egurrarekin lantzen ditu bolak, eskuz eta argindar gabe. Tristea da bolak egiteko modu hori bukatu egingo dela jakitea, baina lekukoa pasatzea ez da erraza; gaur egun, bizkorregi bizi gara".

Antonio Ibarluzea, bere eskuekin egindako bola eta txirloekin.

Alternatiba bila jarrita daude dagoeneko, eta, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Gatikako arotz bat bolen prototipoak egitera konprometitu da: "Ez Ibarluzeak egiten duen moduan, baina bai antzera".

Bolen eskulangileari zor dioten begirunea erakusteko, Markinan duela gutxi ireki duten bolatokiari haren izena jarri diote, eta irekiera-ekitaldian omenaldia egin zioten Ibarluzeari. Hark Urkiari aipatu zion azken bost urteotan hiru txirloko bolak egiteko "inoiz baino eskari gehiago" izan dituela, eta "azken egunera" arte arituko dela egiteko horretan.

Gipuzkoako Txapelketak, hiru hitzordu bailaran

Hiru txirlo modalitateko Gipuzkoako 52. Txapelketa bete-betean sartuko da Debagoienean datozen asteotan, bihar hasita. Iaz lehen aldiz torneoko jokaleku izan ostean, aurten ere Leintz Gatzagako bolatokiak lehian diharduten 60tik gora bola- jokalari hartuko ditu, apirilaren 22an. Juanito Bengoa da txapelketan parte hartzen dabilen gatzagar bakarra, eta bolatokia txukuntzen eta mantentzen ere lagundu die, azkenaldian, Kepa Urra eta enparauei. Bengoaren esanetan, "komeni da pista suabe egotea, hartara jende gaztea errazago animatzen delako parte hartzera". Gogoratu baitu "edonork" parte har dezakeela biharko ekitaldian, "baita saria irabazi ere". Izan ere, "iazko txapeldunak hiru tiralditan hirurak kale egin ditzake hiru txirlotan jokatzerakoan; hori futbolean edo pilotan ez da gertatuko". Biharkoaren ondoren, maiatzaren 6an Soraluzen, 13an Aretxabaletan eta 20an Elgetan izango dira txapelketa bereko hurrengo hitzorduak.



Iaz Leintz Gatzagako bolatokian jokatutako Gipuzkoako Txapelketa.

Ohitura bizia

Ibarluzearen ezpal berekoak dira Gorosabel lehengusuak. Harro erakusten dute 1958a ezkero erabiltzen duten bola –alboko argazkian, eskumakoa–, baita duela zenbait hamarkada irabazitako garaikurrak ere. Lehen, gaur egun bezala, auzoetako jaietan eta txapelketetan ibiltzen ziren, batez ere, hiru txirlotan jokatzen. Desberdintasuna da gaur egun gero eta emakume eta gazte gehiago animatzen direla aldaera hori praktikatzera. Txapelketetan, nahiz eta Federazioak antolatutakoak izan, edonork parte hartu ahal izateak laguntzen du horretan.

Jende berria erakartzeko apustuan badabiltza fruituak jasotzen, poliki-poliki. UDA bola-joko taldeko kide Isana Gorosabel, Nerea Lete, Xabier Etxeberria eta Jon Andoni Jaka esperientzia handiagoko jokalarien testigua hartzen dabiltza, esaterako. Urrak aipatu duenez: "Bazterreko kirol hau berreskuratzen gabiltza".

UDA bola-joko taldeko kideak, Aretxabaletako bolatokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak