Debagoieneko kaleak zurituta esnatu dira

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 18a, 06:44

Iragarritakoa betez, elurra 300-400 metroraino eta une batzuetan beherako ere egingo zuela, Debagoieneko kaleak elurrez estalita esnatu dira. Ondorioz, errepideetan tentuz gidatu behar da, emandako gomendioei kasu eginda.

Euskal Metereologia Agentziak adierazi du elur-kota 400-500 metro inguruan egongo dela, eta noizbehinka, 200-300 metrora jaitsi daitekeela. Tenperatura ez da 6 gradutatik igoko, hortaz, negu giro betea izango da bihar arratsaldera bitartean. Eguenean, orduek aurrera egin ahala elur-kotak gora egingo du baina, ez du atertuko eta euria barra-barra egiten jarraituko du.

Errepideen egoera

Hainbat errepidek, bereziki bigarren mailako zenbaitek, arreta berezia eskatzen dute Trafiko Sailetik adierazi dutenez. Hala, kontu handiz gidatu behar da –06:00etan eguneratuta– elur zaparradak botatzen dituelako Deskargan A-636 errepidean, Arantzazura doan GI-3591an, Elosun GI-3750 eta Gatzagan GI-3310. Oñatiko udaltzaingotik adierazi dute Udana, GI-2630 errepidea itxita egon dela lehen orduan, eta orain kateak behar dira; halaber, Arantzazuko errepidea goizean zehar garbitu dute. Eta Kurtzeta A-2620 eta Pagatza, Elgetan, GI-2632 itxita daude ibilgailu guztiendako. Deskargan gainera, auto-ilara luzeak sortu dira elur kopuruaren eraginez. Halaber, Antzuolan GI-631 errepideko 28. kilometroan istripu bat gertatu da 08:40an eta horrek ere pilaketak eragin ditu.

Oñatin, Olateko bidean, Miruerreka parean, zuhaitz bat erori da eta argindarreko kablea bota du. Hala ere,  autoak pasatzeko moduan dago eta momentuz ez du eraginik izan argindarrean.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu dute eta 87 kamioi izango dira prest lurraldean; beharrezkoa izanez gero, 11.400 tona gatz ere badaude gordeta 39 biltegitan.

Autobus zerbitzuan ere izan du eragina elurrak. Moldaketak egin dituzte garraio publikoan, eta hala, Arrasate-Zumarraga zerbitzua, DG04 autobusa, Arrasate eta Oñati arteko tartera mugatu dute lehenengo orduetan. Izan ere, Udana itxita egon da hasieran eta ostean kateak erabiltzeko derrigortasuna ezarri dute. Halaber, Lurraldebusetik ohartarazi dute DG03 Antzuolako geralekua bertan behera gelditu dela, eta, DG20E (Bergara>Elgeta) eta DG21E (Leintz Gatzaga>Eskoriatza>Arrasate) lineak bertan behera daudela abisu berria izan arte. 

Elur-protokoloak abian

Hainbat herritan ere abian dituzte elur-protokoloak.

Eskoriatzako Udalak, esaterako, herritarrei eskatu die "tentuz ibiltzeko" egunotan, autoa "ahalik eta gutxien" erabiltzeko eta edozein behar izanez gero udaltzainekin harremanetan jartzeko.

Elgetako Udalak ere herritarrei jakinarazi die autoa behar-beharrezkoa bada soilik hartzeko eta neguko gurpilak erabiltzeko edo kateak prest izateko. Gainera, Salbador kaleko irteera ireki egingo dute eguaztenean eta eguenean, loreontziak kenduta. Eta udaletxeko arkupetan gatza eta palak utzi dituzte behar izanez gero erabiltzeko, beti ere "arduraz".

Bergarako Udalak hainbat neurri hartu ditu alerta laranja dela eta. Hala, Udaleko langileen ordutegia moldatu egingo dute beharren arabera; gatza edo urea botako dute espaloietan herrian zehar; espaloiak garbitu egingo dira, baita errepideak ere; aparkaleku publikoa itxi egingo da autoek daramaten elurra urtzerakoan kalteak ekiditeko; ortu komunitarioetarako arrapala itxi egingo da segurtasunagatik; herritarrentzat eskuragarri egongo da gatza; eta ikastetxeetan dauden karpak itxi ahalko dira segurtasunagatik. Gainera, unean uneko beharrek eskatzen duten beste neurri batzuk ere hartuko dituzte.

Oñatiko Udalak ere elur-protokoloa eguneratu du. Elurra kentzeko udalak duen traktorea eta hiru pick-up-ak palaz hornitu dira eta eskuz maneiatzen diren motordun pala-makinak ere gertu dituzte. Auzo bideak garbitzeko ibilgailuak prest daudela esan dute eta baita kaleak garbitzeko esku makinak ere, beharra balego. Abisuak, udaltzaingoaren bitartez bideratuko direla aditzera eman dute, 092 edo 943 08 10 00 zenbakietara deituta.

Gomendioak

Datozen orduetarako zehaztu den eguraldi iragarpena jakinik honako aholkuak zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak:

  • Kontuz ibili Euskadiko itsasertzeko eta mendebaldeko ibai-arroen inguruan.
  • Aurreikuspenen aurrean, gomendatzen da ez zirkulatzea astearte iluntzetik aurrera eta asteazkenean eta ostegunean.
  • Metatzea espero den elurraren eta haize zakarraren ondorioz, mendira ez joatea aholkatzen da.
  • Aurretik eskatu errepideen egoerari eta eguraldiari buruzko informazioa Euskalmeten eta/edo Eusko Jaurlaritzako Trafikoko 011 telefono-zenbakiaren bidez.
  • Edonola ere, bidaiatzea ezinbestekoa izanez gero, ziurtatu pneumatikoak, balaztak eta izotz-kontrakoa ondo daudela; kateak beti eraman, erregai-depositua bete eta berokiak hartu.
Erlazionatuak

Urteko lehen elurtea

Mirari Altube Arrese 2023 urt 18 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak