Denboraleak okerrera egitea aurreikusten da; elur-kota 300-400 metrora jaitsi daiteke

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urt. 17a, 14:49

Egunotako denboraleak neguko eguraldia ekarri du, bat-batean eta iragarpenek diote biharko, elur-kota 300-400 metrora jaitsi daitekeela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik. Udaletxe atarian prest dira hainbat gatz zaku. Datozen orduetan herritarrek kontuan hartu beharreko hainbat ohartarazpen ere egin ditu Udalak.

Prezipitazio ugari izan da aurreko orduetan, eta gaur elur-ura ere bota du Elgetan. Biharko, elur-kota 300-400 metrora jaistea aurreikusten da eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du.

Horrekin batera, Elgetako Udalak hainbat gatz zaku utzi ditu herritarren eskura udaletxe atarian.

Gainerakoan, errepideetan hasita daude lehen lur-jausiak agertzen. Ur putzuak ere ugaritzen ari dira han eta hemen eta arekak betetzen eta gainezka egiten hasita daude. Ohiko lekuetan, beraz, kontuz ibili beharra dago.

Aurreikuspena da datozen orduetan denboralea indartu egingo dela; prezipitazioak nagusi izango dira forma guztietan. Euri zaparrada mardulak botako ditu sarri, eta baliteke trumoi-ekaitzak ere jotzea. Euria eta hotza elkartuta, elur gisa ere etor litezke prezipitazio horiek.

Ohartarazpenak herritarrei

Udalak hainbat ohartarazpen egin ditu datozen orduetarako: Ondorengoak dira:

  • Autoa behar-beharrezkoa bada soilik hartu, eta Elgeta eta Bergara arteko errepidea erabili. Neguko gurpilak erabili edo autoan kateak prest izan.

  • Salbador kaleko irteera ireki egingo da, loreontziak kenduta.

  • Autoa aparkalekuetan zuzen utzi, edozein modutan lagatzeak eragotzi egiten baitu zerbitzu egokia ematea.

  • Udaletxeko arkupean gatza eta pala egongo dira. Mesedez, arduraz erabili.

  • Informazio gehiago jasotzeko: 943 76 80 22 (Lan-orduetan), udala@elgeta.eus,  @elgetakoudala (Twitter) eta Facebook (Elgetako Udala)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak