Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du Foru Aldundiak eta 87 kamioi daude gertu lanerako

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 17a, 17:27

Gipuzkoako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana aktibatu du gaur, urtarrilak 17, aurtengo kanpainan lehen aldiz. Aditzera eman dutenez guztira 87 kamioi daude lurraldean lanerako gertu, eguraldiaren bilakaeraren arabera, eta beharrezkoa izanez gero, 11.400 tona gatz ere badaude gordeta 39 biltegitan.

Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenek adierazi dutenez elur kota jaisten hasiko da gaur, eta, horregatik, Aldundiko koordinazio-taldeak eta teknikariek lanean eta dispositiboa prestatzen jardun dutela adierazi du Eider Mendozak, Aldundiko bozeramaileak.

Zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, batez ere, kontuz ibiltzeko eskatuz. Bozeramaileak gogorarazi du horrelako aurreikuspenen aurrean zentzuzkoena dela ibilgailua behar-beharrezkoa den kasuetan bakarrik erabiltzea, eta beti ere ziurtatuta "ibilgailua egoera onean eta baliabide egokiekin" dagoela. Bereziki ibilgailu astunen gidariak aipatu ditu; gogorarazi die elurra eginez gero guztiz debekatuta dagoela ezkerreko erreitik aurreratu eta zirkulatzea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten.

Euskalmetek emandako elur abisua 1.000 metrotik beherakoa denean, orain legez, edo izotz-abisuak daudenean aktibatzen du Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana. Bidegiko neguko bide-dispositiboan bi zentro daude lurraldeko errepide nagusienetarako, hau da, AP-8, AP-1 eta A-636 errepideetarako. Bata, Bergarako iparraldeko sarreran, AP-1 eta A-636 errepideen beharrei erantzuteko, eta bestea, AP-8an, Zestoa-Zumaiako sarreran. Bi zentroek "kokapen egokia" dute makinek ahalik eta lasterren erantzuteko autobideen beharrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak