"Bidea egiten jarraitzeko", Bilboko manifestaziora joateko dei egin du Sarek

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko abe. 30a, 11:29

Bilboko manifestazioa, 2020an.

Urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora begira, hainbat ekintza antolatu dituzte Debagoienean abenduaren 31rako; hala nola, Aretxabaletan, Arrasaten edota Bergaran. Halaber, Bilboko manifestaziora joateko Debagoienetik irtengo diren autobusen berri eman du Sarek.

Etxera bidea gertu lelopean egingo den manifestaziora joateko arrazoien artean azpimarratu dute aurrerapausoak eman badira ere, oraindik bide luze bat dagoela egiteko, "asko baitira, legeak dion baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak". Horren adibide moduan aipatu dute, 3. graduan 110 presok egon beharko luketen arren, soilik 33 daudela.

Halaber, egon diren bederatzi gradu erregresioak "izugarrizko atzera pausoa" direla nabarmendu dute; horien artean dago Joseba Arregi oñatiarraren kasua. Garikoitz Garcia aretxabaletarra ere aipatu dute Sare Herritarraren Gabonetako irakurketa idatzian: "13 urte darama espetxean, azkeneko biak Zaballan, baina, nahiz eta baldintza guztiak bete, denbora horretan ez du inolako gradu progresiorik izan, bere eskubideak urratuz".

Autobusak herriz herri

Antzuola

15:00tan, Sagastiko autobus geltokitik

Izen ematea: Aitz Garbi tabernan

Aretxabaleta

15:15ean Azbetik

Tiketak Gurea eta Urbaltz tabernetan salgai.

Arrasate

Goizekoa: 11:00tan, Zalduspetik

Atsaldekoa: 15:00tan, Zalduspetik

Izen ematea: Irati, Monte eta Taupa tabernetan.

Bergara

Goizekoa: 11:00tan, Torrekuatik

Atsaldekoa: 15:15ean, Osintxu eta Angiozarretik / 15:30, Torrekuatik

Izen ematea: Polpolen eta Arrano tabernan.

Elgeta

15:30ean, Mendizaleen Plazatik.

Izen ematea: Haizea tabernan.

Eskoriatza

15:00tan Geltokiatik

Izen ematea: Ikernu tabernan.

Leintz Gatzaga

14:45ean 

Oñati

Goizekoa: 10:00tan, Enpresagintzatik

Atsaldekoa: 15:00tan, Enpresagintzatik.

 

Sareren 'Gabonetako irakurketa', osorik

Egun on, eta eskerrik asko gaur hemen elkartu zareten guztiei.

Egun bereziak izaten dira Gabon egunak guztiontzako, gure inguruko eta familiaz gertuago sentitzeko garaiak, bazkari edo afari artean elkarrekin egotekoak, eta tamalez oraindik ere, etxe askotan hutsuneak luze dirau.

Gertuago daude, bai, gertuago ditugu, bai, eta horrek zalantzarik gabe, izugarrizko zama gainetik kentzea dakar. Hori guztion lanari esker izan da, 34 urtetan zaintza lanetan aritutako guztiena, kalean aktibo egon diren horiena, eremu instituzionalean, zein arlo politiko eta sindikalean honen amaieraren alde elkarlanean aritu diren guztiena.  Gertuago eta 2. graduan daude, eta hau balioan jartzeko unea da.

Baina inork ez dezala pentsa bide hau hemen amaitzen denik, oraindik bide luze bat dugu egiteko, asko baitira, legeak dion baldintza guztiak beteta, baimenik jasotzen ari ez direnak adibidez, edo/eta 3. graduan 110 presok egon beharko lukete, eta soilik 33 daude… Etxeratze bidean jada, traba hauek nabariak dira. Kartzelako zuzendaritzen txostenen eta Eusko Jaurlaritzaren erabakien gainetik, Madrilgo oldarraldiak oztopo dira bide horretan.

Bederatzi gradu erregresio izan dira, eta hori, salbuespen neurriak bertan bera geratzeko bidean, izugarrizko atzera pausoa da. Gainera, 13 dira epaian zain daudenak, entzutegi nazionalaren fiskaltzaren errekurtsoak etengabeak dira, eta hau soilik mendeku eta gorroto ikuspuntu batetik uler dezakegu.

Baina guk, orain arte egin bezala, elkarbizitza eta etxeratze prozesua normaltasunez emateko desioa dugun guztion artean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukagu. Ezin dugu bide hau erdizka utzi, eta etxeratze prozesua bururaino eraman arte, elkarlana, aktibazioa eta mobilizazioa sustatzen jarraituko dugu. Hori delako egoera hau eraldatzeko aukera bakarra.

Beraz, garai berri honetako erronkak begi bistan izanik, une hau ere balioan jartzen jakin behar dugu. Denon artean elkarlanean aritzeak duen indarraz jabe izan behar gara eta bide horretan sakontzea besterik ez daukagu, horrela gaindituko ditugulako oraingo traba hauek ere.

Beraz, gaur hemen eta Urtarrilaren 7an Bilbotik, preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesuaren alde egingo dugu, salbuespen neurri guztien kontra.

Guztion artean lortuko dugu!

Eskerrik asko eta Bilbon ikusiko gara berriro!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak