Kantaldi herrikoia egingo dute, Sarek deituta, abenduaren 31n

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 27a, 13:19

Euskal preso, iheslari eta deportatuei berotasuna adierazteko helburuarekin, kantaldi herrikoia egingo dute abenduaren 31n, 18:30ean, Herriko Plazan. 20 eragilek babesa eman diote Sarek antolatutako ekimenari, bideo bidez. Halaber, abenduaren 30ean ez da Azken Ostiralik egongo, kantaldia dela eta.

"Egun bereziak izaten dira gabon egunak guztiontzako, gure inguruko eta familiaz gertuago sentitzeko garaiak, bazkari edo afari artean elkarrekin egotekoak. Tamalez oraindik ere, etxe askotan hutsuneak luze dirau", adierazi dute Sareko kideek. "Faltan ditugun preso, iheslari eta deportatuei gure berotasuna adierazteko, beste urte batez, urteko azken egunean Gabonetako ekimena antolatu dugu, Kantaldi herrikoia", gaineratu dute.

Hala, kantua izango du oinarri ekimenak eta Arrasateko hainbat musikarik haien aletxoa jarriko dute. Oholtza gainean Leire Etxezarreta (Neomak), Izadi Ramos (bakarlaria), Peru Altube (Huntza) eta Ibai Lakuntza (The Potes) arituko dira, herriko beste hainbat musikarik kantuz lagunduta. "Musikarien aldetik oso harrera ona izaten ari da ekimena eta hurrengo egunetan argitaratuko dugu atxikimendua adierazi duten musikari guztien zerrenda".

Eragileen babesa eta deialdia

Musikariez gain, Arrasateko 20 eragilek ere babesa adierazi diote kantaldiari, ekimenean parte hartzeko dei eginez. "Gertuago daude, gertuago ditugu, bai, eta hori balioan jartzea dagokigu. Hala ere, badugu zer aldarrikatu. Gertu egotetik, etxekoen berotasunean izatea nahi dugu. Horregatik, guztiok kantaldi honetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Espetxeak husteko bidean, herriko plaza beteko dugu!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak