Urtea bukatu aurretik, presoen egoera gogoan

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 26a, 09:06
Sareko kideak, Zaraia eta Murrukixo mendizale elkarteetakoak, eragile batzuk eta Garikoitz Garciaren arreba Amaia.

Sarek antolatutako abenduaren 31ko ekitaldiek ez dute hutsik egingo. Etxerako bidean oztoporik ez! leloarekin Garikoitz Garcia preso aretxabaletarraren eskubideak aldarrikatuko dituzte, goizean Kurtzebarri tontorrean eta iluntzean Herriko Plazan.

Euskal presoen aldeko aldarrikapenak ohikoak dira urte amaieran, eta Aretxabaletan, Zaballan (Araba) dagoen Garikoitz Garcia Arrieta izango dute gogoan. Sarek deitutako Kurtzebarritik plazara! ekimenarekin bat egin dute, gainera, Zaraia eta Murrukixo mendizale elkarteetako ordezkariek, Kantu Poteoko kideek, Etxeratek eta Ernaik, besteak beste.

Gradu progresio eskaera

Sareko kideek aditzera eman dute 110 euskal presok –haien artean Garcia– hirugarren gradurako baldintzak beteta dituztela: "Orain arte, 32 dira hirugarren gradura aldatutakoak. Horietatik bederatzi dira gradu erregresioa jasan dutenak, baina gaur egun sei presori eragiten die neurriak. Gainera, hamalau dira espetxera bueltatzeko arriskuan daudenak, Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak jarritako errekurtsoak direla eta". Atzerapausorik izan ez dadin, aktibazio soziala bultzatzea ezinbestekoa dela uste du Txarli Garciak, Aretxabaletako Sareko kideak: "Orain dela urtebete baino hobeto gaude, baina oraindik salbuespen politikan oinarritutako erabakiak aplikatzen zaizkie presoei, eta horrek bukatu egin behar du". 

Garikoitz Garciak, esaterako, urtarrilean hamahiru urte beteko ditu preso, eta dagoeneko bi urte daramatza Zaballan, bigarren graduan. "Bisitak asko erraztu ditu Araban egoteak, baina legez, irteteko baimena ere izan beharko luke", adierazi du Amaia Garcia arrebak, eta Txarli Garciak gaineratu: "Baldintza guztiak beteta izan arren, ez du izan inolako progresiorik etorri zenetik. Ez dugu ulertzen zergatik ez den pausorik ematen. Horregatik eskatzen dugu gradu progresioaren gaineko lanketa".

"Etxeratze prozesu" horretan aletxoa jartzeko abenduaren 31rako antolatutako ekitaldiekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak. Kurtzebarritik plazara! leloarekin mendi tontorrean elkartuko dira, 11:00etan. Hara joaterik ez dutenek beste aukera bat izango dute, iluntzean, 19:00etan, Herriko Plazan –azken ostiraleko elkarretaratzerik ez da egingo, zapatukoa indartzeko–; Kantu Poteoko lagunekin batera kantuan egitea da asmoa.

Urtarrilaren 7an Bilbora

Autonomia kalea betetzera goaz leloarekin urtarrilaren 7an Bilbora joateko gonbidapena ere egin dute. Autobusa jarri dute horretarako eta txartelak dagoeneko salgai daude Gurea eta Urbaltz tabernetan, 10 eurotan; azken eguna urtarrilaren 4a da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak