Feministek sistema matxistaren "muturreko ondorioak" salatu dituzte

Uxue Igarza Loiola 2022ko abe. 29a, 20:28

Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! leloari helduta, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin elkarretaratzeak egin dituzte gaur iluntzean, azken egunetako erailketa matxistak salatzeko.

Arrasateko Bilgune Feministak, Arrasateko Neska Gaztiak taldeak eta Arrasateko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko plataformak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, plazan. "Getxoko kide transaren erailketagatik amorru betean geundela, emakume bat eraila izan da Bilbon. Lau izan dira aurten Euskal Herrian erail dituzten emakumeak*, eta azken hau ere ez da kasu isolatu bat, egunero kolpatzen eta erailtzen gaituen sistema baten ondorio krudelena baizik", salatu dute.

Erailketak sistema matxistaren "muturreko adibidea" direla azaldu dute, eta, hain zuzen ere, horregatik jo dute ezinbestekotzat gainerako eraso guztiak bistaratu eta salatzea: "Egunerokotasunean beste hamaika forma hartzen ditu indarkeriak: erakundeetan, lanean, harremanetan, jai giroan...".

Hala, "autodefentsa transfeminista" aldarrikatu dute, "bizitzaren aldeko apustu erradikala" dela azpimarratuz.

Bestetik, "neurri eraginkorrak hartzea" eta "duten erantzukizuna betetzeko" eskatu diete erakundeei. Halaber, nabarmendu dute indarkeria matxista geldiarazteko herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa dela.

Oñatin ere, sistema jopuntuan

Dozenaka lagun elkartu dira Oñatin ere, bi erailketak salatzeko. Sistemak "indarkeria matxista sostengatzen duela" azaldu dute eta autodefentsara jotzeko dei egin dute.

Antolakuntza eta elkar-babesa, Bergaran

Bergaran ere, Martxanterek deituta, San Martin plazan elkartu dira herritarrak. Antolakuntza, elkar-babesa eta autodefentsa faminista aldarrikatu dituzte, azken bi erailketak eta egiturazko indarkeria matxista salatzearekin batera.

Aretxabaletan "aski da"

Aretxabaletako Udalak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute hainbat herritarrek eta “aski dela” adierazi dute eta ezetz esan diete erailketa matxistei.

Emakumeentzako arreta zerbitzua:

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 900 840 111 (24 orduz)
  • Nafarroa: 016 (24 orduz)
  • Ipar Euskal Herria: 3919 (24 orduz)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak