Elkarretaratzeak bailarako hainbat herritan, azken egunetako erailketa matxistak salatzeko

Mireia Bikuña 2022ko abe. 29a, 08:52

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren deialdiarekin bat egin dute Debagoieneko hainbat herritan, azken egunetan Euskal Herrian gertatutako bi erailketa matxistak salatzeko. Elkarretaratzeak egingo dituzte, gaur, eguena, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin.

2022an indarkeria matxistak Euskal Herrian utzitako azken biktimaren berri eman zuten atzo. 45 urte zituen emakumeak, eta, Bilboko taberna baten aurkitu zuten haren gorpua, 44 urteko gizonezko batek emakumea hil zuela esanez Bilboko udaltzainei deitu ostean. Era berean, abenduaren 24an Ibaizabal ibaian, Portugalete parean aurkitu zuten Getxoko 40 urteko emakume transaren hilketa ere salatuko dute.

Halaber, abenduaren 19an Cortesko (Nafarroa) emakume bat hil zuen senarrak Zaragozan.

Elkarretaratzeak, herriz herri

Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean bilduko dira gaur, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin.

Bergarako Martxanterak deituta, San Martin plazan batuko dira herritarrak 19:00etan. Bergarako Udalak ere bat egin du elkarretaratze deialdiarekin. Ordu berean batuko dira oñatiarrak Foruen plazan, Oñatiko Sare Feministak deituta. Arrasateko Bilgune Feministak, Arrasateko Neska Gaztiak eta Arrasateko Emakumeen Mundu Martxaren Euskal Herriko plataformak deialdi bateratu egin dute. "Nahikoa da!" esateko 19:30ean elkartuko dira Herriko Plazan.

Aretxabaletako udalak ere, bat egin du elkarretaratze deialdiarekin eta gaitzespen adierazpena kaleratu du: "Indarkeria matxistak, Euskal Herrian, 2003tik, 117 emakume eta hamaika adingabe hil ditu. Ez da ekintza bakan bat. Horregatik guztiagatik, Udalak adierazten du abenduak 29an, 19:30ean, Herriko Plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko duela". Era berean, herritar guztiak gonbidatu ditu erailketak gaitzestera.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua:

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 900 840 111 (24 orduz)
  • Nafarroa: 016 (24 orduz)
  • Ipar Euskal Herria: 3919 (24 orduz)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak