Danbaka: lehiaketa soil baino gehiago, erakusleiho

Uxue Igarza Loiola 2022ko ira. 13a, 09:00

Debagoieneko musikaren eszena oparoa bezain aldakorra dela erakutsi zuen Danbaka izeneko musika lehiaketak bere lau edizioetan. Goiena Komunikazio Taldeak abiatutako proposamena 2004an egin zen lehenengoz, eta 2006an, 2009an eta 2011n errepikatu zen. Geldialdiaren ostean, urrian itzuliko da.

Entsegu lokaletan eta gaztetxeetako oholtzetan mugitzen ziren taldeak batu zituen Goienak antolatutako eskualde mailako Danbaka musika lehiaketak; rockak, metalak, hardcoreak, popak, jazzak, punkak, hip-hopak, musika elektronikoak eta beste hainbat estilok partekatu zuten lau ediziotan Elgetako Espaloia. Gainera, azken adizioan, mugak gainditu eta herritarrek hala eskatuta, Debagoieneko, Debabarreneko eta Durangaldeko sortzaileei ireki zitzaizkien ateak. Egubakoitzetan izaten ziren kontzertuak, eta edizio bakoitzak bere finala izaten zuen, saridun eta guzti. Ehun taldek baino gehiagok eman zuten izena eta 80tik gora izan ziren parte hartu zutenak.

Lau edizioetan Iker Barandiaran kazetaria aritu zen koordinatzaile lanetan. "Oroitzapen onak ditut. Esperientzia oso atsegina izan zen; lana egin behar izaten zen, baina nire saltsan ibiltzen nintzen", gogoratu du. Bitxikeriak, anekdotak, afariak, musikariekin izandako hartu-emanak, zuzenekoek eragindako estutasunak eta beste hainbat etorri zaizkio burura. "Kontzertuaren aurretik, Elgetako Espaloian, afari eder baten bueltan batzen ginen denok –antolatzaileak, langileak, epaimahaikideak, musikariak, gonbidatu bereziak...– eta oso polita izaten zen. Momentu zailak ere egoten ziren, jakina. Behin, soinu probetan musikari bat taldekideekin haserretu egin zen eta ez zuela joko esan zuen. Lokalera joan behar izan genuen harekin hitz egitera; azkenean, egin zuten kontzertua".

Bestetik, azaldu du ikasteko ere baliagarria izan zitzaiola Danbaka: "Bagenekien musika talde asko zeudela gure eskualdean, baina, estiloei dagokienez, bailara uste baino askotarikoagoa dela ikusi genuen. Hori ustekabea izan zen lehenengo edizioan, eta ziur nago oraingoan ere harrigarria izango dela. Azalean ikusten denaz gain, beti dago gehiago".

Zer eragin du zuengan lehenengo edizio hura irabazteak?

Iñigo Ibarrondo, Sharon Stoner: "Bultzada izan zen guretzat, ez bakarrik jendeak gu ezagutzeko; taldearentzako ere oso garrantzitsua izan zen. Gauzak egiten jarraitzeko gogoa eman zigun; lanean jarraitzeko. Azken finean, indarguneak beharrezkoak dira ibilbidean: kontzertuak egitea, horrelako ekimenetan parte hartzea... Pozez gogoratzen dut. Orain, perspektibarekin ikusita, Danbaka ez da lehiaketa soil bat; leiho polita da norberaren lana erakusteko."

Beste erakusleiho bat

Taldeei begira, Danbaka "lehiaketa baino gehiago" dela errepikatu izan du Barandiaranek sarri: "Irabazi edo ez, parte hartutako artista guztiei egin die on Danbakak; proposamena oso osatua izan baita. Taldeen lana plazara ateratzea da kontua; hori da benetako saria".

"Ezohiko fenomenoaz" ere jardun du koordinatzaileak: "Normalean kontzertuetara joateko ohiturarik ez zuena ere etortzen zen Espaloia antzokira –musikarien lankideak, senideak, kuadrillakoak...–. Gainera, gau berean hainbat estilo nahasten genituen, jendeak beste gauza batzuk ere entzun ahal izateko". Finean, irabazleek saria izaten zuten –besteak beste, diskoa grabatzeko aukera–, baina gainerakoek ere bultzada handia jasotzen zuten bidean jarraitzeko.

Nolako oihartzuna izaten zuen Danbakak?

Iker Barandiaran, koordinatzaile ohia: "Lehiaketaren ezaugarriengatik, musikari nahiz teknikarien kalitateagatik eta hain osatua izateagatik, Danbakak oihartzun handia izan zuen Debagoienetik kanpo ere. Hedabideek aurrez iragartzen zituzten egubakoitzetako emanaldiak; Herri Irratian, zapatuetan, Gregorio Galvezek elkarrizketak egiten zizkigun kontzertuen kronikak jasotzeko; Gara-ko Pablo Cabeza kazetaria ere askotan etortzen zen kontzertuetara; eta finalean, Euskal Herriko musika- kazetari asko adi egoten ziren horren gainean idazteko".

Taldeek aurkeztutako abestiak Interneten zintzilikatu eta egitasmoak prentsan ere "oihartzun handia" izan ohi zuela onartu du Barandiaranek: "Kontzertu guztiak grabatu eta telebistan eta irratian ematen ziren; musikariak publiko zabalarengana iristen ziren horrela. Gainera, areto txukun batean jotzeko aukera ere eskaintzen zuen Danbakak, kalitatezko teknikari eta ekipoekin".

Bat egiten du Iñaki Bengoa epaimahaikide ohiak ere: "Taldeentzat motibagarria da entsegu-lokaletik oholtzara jauzi egitea; gainera, ekipo ona dagoen areto bat ez da beti tokatzen. Horrez gain, telebistan agertzeak ere balio erantsia ematen dio. Horregatik guztiagatik eta beste hainbatengatik, Danbaka oso garrantzitsua da Debagoieneko musika-eszenarako".

Nolako maila egon izan da Danbakan?

Iñaki Bengoa, epaimahaikidea: "Lau edizioetako maila oso altua izan zen. Benetan zaila izaten zen finalera nor pasatu erabakitzea. Oso estilo desberdinak egoten zirela kontuan hartuta, konplexua izaten zen taldeak irizpide berdinen arabera epaitzea. Nolanahi ere, epaimahaia osatzen genuenok samur iristen ginen nolabaiteko adostasunera. Kontu asko aztertzen genituen: abestiak, taula gaineko ikuskizuna, ikusleekin zuten hartu-emana, euskararen presentzia...".

Arrastoa komunitatean

Maider Arregi Goienako kazetari eta lehiaketaren aurkezleak gogora ekarri du Danbakarekin batera etorri zen nobedadeetako bat: zuzeneko emanaldia. "Danbaka streaming bidezko lehenengo saioa izan zen Goienarendako. Orduan, Livestream izeneko plataforma baten bidez egiten genuen, eta etxetik jarraitzen gintuzten herritar askok. Ondoren, beste plataforma batzuetara igotzen genituen zuzeneko horiek, eta sarean komunitate indartsua sortzea lortu genuen", azaldu du.

Komunitate horren erakusle diren pasarteak ere gogoratu ditu aurkezleak. "Danbaka beti egon da udazkenaren hondarrean eta negu betean, eta, noski, Elgeta eta elurra beti eskutik datoz... Abenturaren bat edo beste izan dugu noiz edo noiz Elgetara iristeko! Eta kontzertuak amaitu, Espaloitik irten, eta elurra mara-mara ikustea ere tokatu zaigu", kontatu du.

Arregiren esanetan, herritarrek sentitu dute Danbakaren hutsunea: "Jendeak asko gozatu zuen, eta azken 12 urte hauetan galdetu ere egin izan didate ea noiz bueltatuko zen lehiaketa. Bada, iritsi da! Beraz, animatu daitezela gure sortzaileak; merezi du eta!".

Nola gogoratzen duzu Danbakaren atzeko lana?

 

Maider Arregi, aurkezle ohia: "Komunitate handia sortu genuen musika taldeek, kameralariek, soinu teknikariek, epaimahaiko kideek, Espaloiko langileek eta Goienako kideok. Elkarlanaren emaitza izan da Danbaka. Urduritasuna eta azken uneko arazoak izan arren, denak gainditzea lortzen genuen; izan ere, bagenekien kulturgintzaren transmisioan geure aletxoa jartzen ari ginela. Ikaragarria izan zen bailarako aberastasunaz ohartzea".

Gogotsu edizio berrirako

Lehenengo edizioa irabazi zuen Sharon Stoner taldeko Iñigo Ibarrondok eta epaimahaian parte hartutako Iñaki Bengoak aurreikuspen antzekoak dituzte urriko edizioari begira. "Panorama aldatzen ari da; gehienbat, gazteen artean. Gure edizioan elektronikara gerturatzen ziren taldeak egon arren –gurekin finalean egon ziren Muted, adibidez–, gure markoa rockaren barruan kokatzen zen. Orain, ostera, argi eta garbi, gazte askok elektronika entzuten dute, baita musika urbanoa ere", dio Ibarrondok. Ildo beretik jardun du Bengoak: "Danbakarik gabe egon garen urte hauetan, asko aldatu dira gauzak. Nik uste dut edizio berrian presentzia handiagoa izango dutela rapak, trapak eta reggaetonak. Horrez gain, espero dut emakumeen presentzia ere askoz handiagoa izatea; garrantzitsua da hori".

Biek egingo diote jarraipena bosgarren edizioari. "Musikazalea naiz, eta, jakina, adi egongo naiz", dio Ibarrondok. "Uste dut bateria gutxiago eta DJ gehiago egongo direla; interesgarria izango da, zalantzarik gabe. Kontu hauek asko gustatzen zaizkit, eta egingo diot jarraipena (...) Ia ahaztuta neukan Danbaka, baina itzultzear zegoela esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Espero dut taldeak parte hartzera animatzea", gehitu du Iñaki Bengoak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak