ALBISTEAK

Danbaka musika lehiaketarako izen-ematea martxa onean doa

Goiatz Arana Begiristain 2022ko ira. 8a, 15:20

Danbaka Musika Lehiaketaren bosgarren edizioa gero eta gertuago dago; urriaren 14an emango zaio hasiera, Bergarako Seminarixoan. Taldeek izena emateko unea da orain; irailaren 18a arte egongo da horretarako aukera Danbaka.eus webgunean.

Webgunean bertan daude jasota lehiaketaren oinarri guztiak; besteak beste, parte-hartzaileak 16 urtetik gorakoak izatea; edota taldekideetako bat, gutxienez, Debagoienean erroldatuta egotea. Talde batzuk dagoeneko eman dute izena eta, zalantzan egon daitezkeenak, animatzera gonbidatu dituzte ekimenaren antolatzaileek.

Hogei talde oholtzan

Erakusleiho ezin hobea izango da talde hasiberrientzat baina ateak zabalik daude eskarmentu gehiago dutenentzako ere. Bakarlari zein talde, hogei musika-proposamenek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Hemeretzi talde Danbakako epaimahaiak aukeratuko ditu; eta azkena, publikoak, boto bidez.

Momentu horretatik aurrera, zuzeneko emanaldietan erakutsi beharko dituzte musikariek euren dohainak, urriaren 14tik abenduaren 16ra, egubakoitzetan, Bergarako Seminarixoan antolatu diren bost kontzertuetan; finala, ostera, 2023ko urtarrilaren 13an jokatuko da. Sari nagusia izango da diskoa grabatzea, eta Publikoaren Saria abesti baten bideoklipa grabatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak