Ur-txorroten parkeak, igerilekuak eta putzuak, beroari aurre egiteko

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 17a, 10:24

Eskualdeko herri gehienetan abiatu da bainu denboraldia –eta gainerakoetan, gutxi falta da–; hots, zabaldu dituzte igerilekuak eta bestelakoak. Herritarrek ondo hartu dituzte freskatzeko guneak; batik bat, aste honetan izandako tenperaturengatik.

Egutegiz uda datorren martitzenean, ekainak 21, hasten bada ere, termometroek argi utzi dute asteon hasi dela aurtengo bainu denboraldia. Debagoienean aukera ugari daude uraz gozatu eta freskatzeko, eta herritarrek ez dute aukerarik galdu.

Kanpoko igerilekuak, prest

Bergaran, Arrasaten eta Eskoriatzan daude kanpoko igerilekuak. Bergarari dagokionez, astelehenean ireki zituzten Agorrosingo igerilekuak. 1.000 lagun igaro ziren bertatik lehenengo egunean eta 1.300 bigarrenean. Irailaren 11ra arte egongo dira –ohiko ordutegiarekin– eta irailaren 15ean itxiko dira –ordutegiak, bergarakirola.eus-en–. Arauei eta funtzionatzeko moduei dagokienez, pandemia aurreko egoerakoak izango dira neurriak; ohiko edukiera mugak izango ditu berdeguneak eta igerilekuak eta ez da txandarik hartu beharko aurrez. Abonuak ere herritarren eskura daude. Agorrosinen lortu daitezke –18 urtetik gorako norbaitek lagunduta–, edo online, aurrez izena emanda duten erabiltzaileek.

Arrasaten, berriz, bihar, zapatua, zabalduko dira Musakolako kiroldegiko igerilekuak. 09:00etatik 21:00etara egongo da bertara joateko aukera, eta irailaren 18ra arte iraungo du bainu-denboraldiak. Bergaran bezala, pandemia baino lehenagoko egoeran irekiko dituzte. Prezioei dagokienez, udako abonamendua egiteko aukera dagoela azaldu dute (kirolaonline.arrasate.eus). Bestetik, Arrasaten bertan, Udana auzoan, Uxarte jatetxearen igerilekuak ere badaude bezeroen eskura.

Eskoriatzan, haurrentzako kanpoko igerilekua uztailaren 2an irekiko dute, irailaren 4ra arte. Kasu horretan, arratsaldez bakarrik egongo da bertara joateko aukera.

Gune naturalak bailaran

Igerilekuez gain, badaude eskualdean bestelako putzu eta inguru naturalak ere, uraz gozatzeko. Oñatiko Usako da horietako bat. Zapatuan ireki zen putzua, baina momentu honetan bainua debekatuta dago, E.coli bakterioaren "kontzentrazio handia" antzeman dutelako bertan. Osasun Publikoak egin ditu ur-analisiak eta emaitzek azaldu dute "kutsadura fekala" dagoela. Adierazi dutenez, oraindik proba gehiago egingo dituzte, eta martitzenera bitartean debekatuta egongo da bainatzea. Gehitu dute ez dakitela zein den arrazoia, ez baitute kutsaduraren fokua aurkitu.

Bestetik, Deba ibaiak Bergaran dituen adarretan ere badaude bainua hartzeko putzuak. Angiozar errekan dagoen Amuskibar presa, San Juan auzoko putzua eta Abrain errekako putzua dira horietako batzuk. Gogoratu behar da horietan ez dagoela soroslerik.

Eskoriatzarrek ere badute beste txoko bat –hori ere sorosle gabe–. Leintz Gatzagara doan errepide zaharrera bitartean, Gaztainadi ur-jauzia dago. Aramaion, berriz, Albina urtegira jo ohi dute herritarrek.

Ur-parke ugari

Txorrotez eta bestelako baliabidez osatutako ur-parkeek ere indarra hartu dute gaztetxoen artean azken urteetan, eta badira batzuk Debagoienean; bost dira, zehatz esateko. Aramaion, arazo teknikoak direla eta, oraindik ez da ur-parkea ireki. "Pieza bat dago apurtuta eta berria iritsi eta konpondu arte ezin izango da parkea erabilgarri egon", azaldu dute udal ordezkariek.

Antzuolan, Sagasti auzoan, irekita dago ur-txorroten parkea, eta baita Arrasateko Villa Amparoko eta Santa Barbarako guneak ere. Oñatin ere, Ugarkalden, ur-uhinen parkea zabalik dago, irailaren 11ra arte; aurten, baina, ohartarazi dute ez dela zaintzailerik egongo.

Erlazionatuak

Bero olatuaren aurrean, freskatu nahian

Jon Irizar Aranguren 2022 eka 15 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak