Bero olatuaren aurrean, freskatu nahian

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 15a, 10:23

Eguraldi iragarleek ez zuten hutsik egin: 35 gradutik gorako tenperaturak izan ziren atzo Debagoienean. Eta beroak ez du etenik izango; ez, behintzat, zapatura arte –abisu horia ezarri du Euskalmetek gaur eta biharko–. Freskatzeko, asko izan ziren atzo inguruetako igerileku, ur-jolas parke eta putzuak baliatu zituztenak; abian da bainu denboraldia bailaran.

Euskal Meteorologia Agentziak Debagoienean dituen neurgailuen arabera, 15:10ean Elorregin erregistratu zen atzo bailarako tenperatura altuena: 35,9 gradu. Oñati (35,4º), Arrasate (35,2º) eta Urkuluko (33,7º) termometroek ere erraz gainditu zituzten 30 graduak. Eta tenperatura altuek ez dute etenik izango; iragarpenen arabera, ez behintzat zapatura arte.

Hala, lau abisu hori ezarri ditu Euskalmetek gaur eta biharko. Muturreko tenperatura oso altuak espero dira gaur 14:00etatik 18:00etara eta bihar 13:00etik 19:00etara. Eta horrez gain, tenperatura altu iraunkorraren bi alerta ere aktibatu ditu agentziak; eguneko minimoak 20 graduko langatik ozta-ozta jaistea espero da, eta maximoak, berriz, gertuago izango dira 40 graduetatik 35etik baino.

Bainu denboraldia, martxan

Bero olatuaren hasieran, asko izan ziren atzo igerileku, ur-jolas parke eta putzuetara hurbildu ziren debagoiendarrak. Salbuespenak salbuespen, abian da herri guztietan bainu denboraldia. Hona herriz herriko bainutoki publikoen egoera:

  • Antzuola - Ur-jolas parkea zabalik
  • Aramaio - Ur-txorrotak itxita (konpontze lanetan ari dira)
  • Arrasate - Villa Amparo eta Santa Barbarako ur-parkeak zabalik. Zapatuan, ekainak 18, irekiko da Musakolako kanpoko igerilekua.
  • Bergara - Astelehenetik zabalik da Agorrosingo kanpoko igerilekua.
  • Eskoriatza - Kiroldegiko haurrentzako igerilekua zabalik.
  • Oñati - Ugarkaldeko ur-uhinen parkea zabalik. Usakon debekatuta dago bainatzea ekainaren 15etik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak