Hil egin da eguaztenean Aramaion lan-istripua izan zuen behargin oñatiarra

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 13a, 09:44
(Argazkia: Goiena)

59 urteko arotz oñatiarra Aramaioko Nardeaga kaleko etxe bateko bigarren pisutik erori zen, eskailera batera igota lanean ari zela. Buruan kolpe gogorra hartuta, Santiago Ospitalera eraman zuten larrialdi zerbitzuek, larri zaurituta. Goienak jakin ahal izan duenez, gaur arratsaldean hil da.

Atzo goizeko 11:15ak inguruan gertatu zen ezbeharra: Aramaioko Nardeaga kaleko etxe bateko fatxadan lanean zebilen behargin bat bigarren pisutik erori zen, eskailera batera igota lanean zebilela. Minutu gutxira jaso zuen Segurtasun Sailak abisua, eta larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren. Ia ordubetez izan ziren gertaeraren tokian bertan zauritutako langilea artatzen, eta egoera egonkortu zutenean, Gasteizeko Santiago Ospitalera eraman zuten.

59 urteko arotz oñatiarrak, baina, zauri larriak zituen; lekukoen arabera, buruan kolpe gogorra hartu zuen. Goienak jakin ahal izan duenez, gaur arratsaldean zendu da Arabako hiriburuko erietxean.

Erreakzioak

Heriotza baieztatu eta ordu gutxira heldu da gehiengo sindikalaren erreakzioa. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruk elkarretaratzea deitu dute Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez! lelopean maiatzaren 16rako, astelehena. 12:30ean izango da, Foruen Enparantzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak