Atzo arratsaldean zendu zen eguaztenean Aramaioko Nardeaga kaleko etxe bateko bigarren pisutik erori zen arotz oñatiarra. Heriotza baieztatu eta berehala heldu ziren erreakzioak; tartean, LAB sindikatuarena.
Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, 2022an Hego Euskal Herrian lan-istripuz hil den 27. langilea da, eta horietatik 6 izan dira altueratik erorita zendu direnak. "Altueran babes neurririk gabe" lanean zebilela salatu du sindikatuak, eta ohartarazi du "honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin litezkeela prebentziorako neurriak beteko balira". "Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo", gaineratu dute.
Elkarretaratzea, astelehenean
ELA, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek, LABekin batera, elkarretaratzea deitu dute datorren astelehenerako –maiatzak 16–. Senide eta lagunei "babesa eskaintzeko" eta "behingoz" neurriak har daitezela aldarrikatzeko, Oñatiko Foruen Enparantzan bilduko da gehiengo sindikala 12:30ean.