Hori bai, bi hilabete eta erdi luze izan dira, Leintz-Gatzagako errepide zaharrak berez duen zirkulazio handiari Arlabandik igarotzen zena gehitu zaiolako. "Zirkulazio guztia desbideratu da errepide zaharretik eta izugarri igarri da. Momentu batzuk izan dira nahiko lasaiak zirkulazio aldetik, baina lanorduetan larregikoa izan da", adierazi du Juanito Bengoa zinegotziak.
Trailer gidari batzuen jarrera kritikatu
Hala ere, lur mugimenduek eragindako buruhausteez harago, errepide zaharra erabiltzeko baimenik ez duten gidari batzuen jarrera kritikatu du Bengoak: "Trailerrei argi adierazten zaie Urbinan zein Eskoriatzan ezin dutela bertatik igaro baina ia astero pasatzen da halako ibilgailuren bat; sekulako arazoak eragiten dituzte. Bidegurutze batzuetan trailer handiak eta autoak ezin pasatu ibiltzen dira; aurrekoan trailer bat arekan geratu eta areka behera etorri zen, garabi baten laguntzaz atera behar izan zuten".
Trailer bat herrigunetik pasatu zenekoa
Errepide zaharrera sartu izana gutxi balitz otsailaren 15ean gertatu zenari ez dio oraindik azalpen logikorik aurkitu Bengoak. Egun horretan, arratsaldeko zortziak jotzear zirela, trailer handi eta luze bat bat herrigunetik sartu eta kalte aipagarriak eragin zituen.
Lur mugimenduak hainbat puntutan
Gaur egun obretan dagoen errepide zatia erabat zabaltzeko aste batzuk beharko dira oraindik baina mendatean zehar hainbat puntutan atzeman daiteke lurra mugitzen ari dela, errepidean gorabehera handiak daudelako.