Arlaban mendatea itxita dagoenetik, neurri handiko zenbait ibilgailu Arabatik mendate gainera iritsi eta buelta eman beharrean Gatzagako errepide zaharrean behera jaisten dira, GI-3310 errepidean; edo, alderantziz, Eskoriatzatik Gatzagara goranzko noranzkoan. Kasuren batean, gainera, gertatu izan da tamaina handiko ibilgailuren batek San Inazio kalearen muturrera iristean Elexalde Etxea jauregiko bihur-gunetik pasa ezin dela jabetu eta herrigunea zeharkatzea.
Kalte ugari eraginda
Hori gertatu dena asteon, eta kalte ugari eragin ditu bertatik pasa den ibilgailu batek. Izan ere, martitzenean, 19:50 bueltan, trailer batek, herrigunetik pasatzean, aparkatuta zegoen auto bati kolpea eman eta bi farola hautsi zituen. "Eragindako kalteez gain, ihes egin zuen gidariak. Herritar batek autoarekin atzetik jarraitu eta Aretxabaleta eta Arrasate arteko biribilgunean topo egin ostean Arrasateko JMAko poligonoan aparkatzen ikusi zuen. Herritarrak Ertzaintzari jakinarazi zion, baina jakinean zeuden, beste gatzagar batek abisua pasata zuelako. Orain, Ertzaintzaren eskuetan dago, eta ea parteren bat iristen zaigun udaletxera...", adierazi du Juanito Bengoak, Gatzagako Udaleko zinegotziak.
Ertzaintzaren trafiko sailak, berriz, honako hau adierazi du: "Gidaria aurkitu eta izan ziren ertzainak berarekin. Gertatutakoaren partean, hain zuzen, bi farolari, trafiko seinale bati eta auto bati eragindako kalteak azaltzen dira. Orain, ikusi egin beharko da ea salaketarik badagoen, aseguru-etxeen artean konponduko duten...".